Basurdeen "hilketa" saihesteko eskaera abiatu dute

Juanma Gallego 2019ko urt. 28a, 13:27
Basurdeak arku bitartez ehizatu nahi ditu Udalak. / ALEA

ARA elkarteak eta Euskadiko Otso Taldeak gogor kritikatu dute Salburuko basurdeen populazioak kontrolatzeko Gasteizko Udalak hartutako erabakia. ARAk bost alternatiba aurkeztu ditu.

Salburuko basurdeen populazioa kontrolpean izateko Gasteizko Udalak arku bidezko ehiza abiatzeko hartu duen erabakiak hautsak harrotu ditu animaliak babesteko taldeen artean. ARA Animaliak Begirunez Tratatzeko Ekimenak eskaera abiatu du Change.org plataforman, Udalak abiatu nahi duen "hilketa" geldiarazteko. "Historiaurrean" egotea egotzi dio Urtaranen gobernuari.

Gaia aldez aurretik jorratzeko txostenik ez dela abiatu diote, eta animalia horiek akabatzea ez den beste aterabiderik ez dela kontuan hartu salatu dute. "Dauden aukeren artean, krudelena eta mantsoena hobetsi" dutela dio ARAk. Elkartearen hitzetan, animaliak arku bitartez hiltzeak "oso geldoa eta arras mingarria den heriotza" eragiten du. "Geziek barne organoak zulatzen dituzte, animaliarengan sufrimendu handia sorrarazita. Kasu askotan, egunak ematen dituzte gezia barrenean sartuta, ordutako edo egunetako agoniarekin".

Horren aurrean bost alternatiba jarri dituzte mahai gainean. Basurdeak uxatzeko otsoaren gernua erabiltzea, zenbait eremu hesi bidez ixtea, hondarren eta beste elikagaien gaineko kontrola ezartzea, kontrolpeko jantokiak jartzea eta antisorgailuak erabiltzea, gehiegizko populatzea ekidin aldera.  

Euskadiko Otso Taldeak ere gogor kritikatu du iragarritako neurria. Gaiaren bueltan "manipulazioa eta hedabideen kriminalizazioa" dagoela diote, eta apurtutako oreka ekologikoan jarri dute arreta: "otsoen populazio funtzionalak behar ditugu, askotan frogatu baita gizakiek egindako ehiza ez dela egokia basurdeen populazioak gutxitzeko".

Taldearen esanetan, otsoen presentzia hoberena da basa ungulatuak kontrolpean edukitzeko; "hala adierazten dute zientzia artikuluek, baina azken urteetan otsoak ia-ia iraungita izan dira Araban".

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide