Gasteizko Udalak Salburuko basurde populazioa kontrolatzeko ehizaldia antolatu du aste honen bukaeran edo datorren astearen hasieran. Izan ere, ugaztun horren kopuru handia hainbat arazo sortzen ari da: eragin negatiboa hezeguneko faunan –bereziki anfibioentzat, narrastientzat eta habiak lurrean egiten dituzten hegaztientzat–, kalteak inguruko laboreetan, istripuen arriskua gertuko errepideetan —hainbat gertatu dira dagoeneko— eta osasun arriskua, animalien kontzentrazio handia eta parkeko oreinekiko kontaktua direla medio.
Egoera horren aurrean, Udalak baimena lortu du bi hilabetez populazioa kontrolatzeko kanpaina egiteko. Arabako Arkularien Elkarteko lau kide esperientziadun arduratuko dira basurdeak hiltzen. Plataforma goratuak jarriko dira zuhaitz edo aldamioen gainean, eta jakiak ere erabiliko dira, eraginkortasun eta segurtasun handiagoa lortzeko. Ilunabarrean egingo dira zaintzak, astelehenetik ostiralera.
Basurdeak kontrolatzeko kanpainarekin batera, errondak egingo dira gauez, ibilgailuz, neurrien eraginkortasuna ebaluatu eta presio zinegetikoa arautzeko. Arkuak erabiltzeak suzko armak erabiltzeak baino arrisku txikiagoa du. Suzko armek, gainera, ihesaldiak eragingo lituzkete, eta basurdeak zein orkatzak hezegunetik kanpora trumilka aterako lirateke. Salburuko hezegunea leku babestua da, eta Gasteiz inguruan zedarritutako segurtasun-zonaren barruan sartzen da; beraz, debekatuta dago suzko armak erabiltzea, salbuespen egoeretan izan ezik.