Duela bost urte Kolonbian desagertu zen Borja Lazaro gazte gasteiztarra gogoratzeko elkarretaratzea izango da datorren asteartean, urtarrilaren 8an, Gasteizko Urrezko Zeledoien plazan, Correosen eraikinaren ondoan. Guajira hiriko Cabo de la Velan desagerturiko gaztearen ingurukoek antolatu dute bilkura, senideei eta adiskideei babesa adierazteko asmoz, eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak parte hartzeko eskatu die gasteiztarrei, Udalaren izenean.
Elkarretaratzea arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta antolatzaileek, Lazaro gogoratzearekin batera, Kolonbian bilaketa lanak berriro hastea eskatuko dute. Halaber, Gasteizko Udalak elkartasuna, babesa eta hurbiltasuna adierazi dizkie gazte gasteiztarraren senideei.
Lazaro 2014ko urtarrilaren 7tik 8rako gauean desagertu zen, Guajira hiri kolonbiarreko Cabo de la Vela inguruan. Denbora honetan guztian familiak ez du hura aurkitzeko itxaropenik galdu, eta mobilizazioak egiten jarraitu du zer gertatu zen eta gaztea non dagoen argitzeko ikerketak jarrai dezan.