Udalaren bertsioa gezurtatu dute gaztetxeko kideek

Erredakzioa 2019ko urt. 3a, 13:20
Gaztetxeko kideek goizean egindako agerraldia. / H. Bedi

Polizia abisurik eman gabe eta "era oldarkorrean" sartu zela salatu dute; identifikatutako poliziak zeuden bitartean ez zela aterik itxi esan dute.

Urteberri egunean Gasteizko gaztetxean gertatukoaz Udalak eta Udaltzaingoak emandako bertsioa gezurtatu dute gaztetxeko kideek goizean egindako agerraldian. Polizia operazioa "abisurik eman gabe" izan zela nabarmendu dute, eta gaztetxean ez zela "erresistentziarik" egon. "Ez zen inolako erresistentziarik egon, polizien erasoen eta kolpeez defendatzeaz harago".

Musikaren gehiegizko bolumenagatik abisurik ez zela izan esan dute, Udaltzaingoaren bertsioaren kontra, eta gaztetxean abisurik gabe "oldartu" zirela poliziak. "Jarrera probokatzailearekin sartu ziren, porra luzagarriekin, mehatxu jokabide hutsarekin". Elkarrizketarako aukerarik gabe, gaztetxeko lagunak inongo azalpenik eman gabe eta espazioko arduradunekin harremanetan jarri gabe eraikinetik irtetera behartu zituztela salatu dute. "Gaztetxe barruan zein kanpoan, espazioaren arduradunon jarrera uneoro izan zen lasaitasuna mantentzearen aldekoa, eta poliziek beraiek sortutako tentsioa mozten saiatzekoa".

Bolumenaren muga gainditu zela aitortu dute gaztetxeko kideek, baina ez zela aurretik abisurik izan, eta komunikatu izan den beste batzuetan arazoa "inolako gatazkarik gabe" konpondu izan dela. "Ez dugu ezagutzen zarata kontuengatik halako errepresioa sufritu duen beste lokalik, ezta halako zalaparta mediatikoa eragin duenik ere".

Horiek argituta, eztabaida mediatikoa "itxi" nahi dutela azaldu dute gazteek. "Gaztetxea elkarbizitzarako topagunea da, auzotik eta auzoarentzat zein herri mugimenduarentzat funtzionatzen duena".  

Agerraldian, halaber, atxilotuetako bat espetxera bidali dutela gogoratu dute. "Aurretik omen zeukan errekisitoria bat zela-eta espetxeratu dute; amorrua gainditzea oso zaila zaigun arren, hemendik gure elkartasunik goxoena helarazi nahi diogu".

 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide