Gasteizko maratoi erdia: korrikalarien jaia

Ibon Gorrisi 2018ko abe. 17a, 10:07
2.600 korrikalarik baino gehiagok lortu dute ibilbidea amaitzea. / GASTEIZKO MARATOI ERDIA

Emakumezkoetan, Raquel Gomez izan da garaile; bigarrena, Mari Carmen Ledesma, eta hirugarrena, Gema Olabe. Gizonezkoetan, lehena Hicham Oualla izan da; bigarrena, Urko Herran, eta hirugarrena, Oier Ariznabarreta.

Giro ezin hobean ospatu da Gasteizko maratoi erdia. Korrikalarien jai den honetan garrantzitsuena bukatzea izaten da, eta 41. edizio honetan 2.600 korrikalarik baino gehiagok lortu dute helburua. Ikusleen aldetik, urterik urte gorantz doa, eta emandako txaloek, animoek… eragin ikaragarria izaten dute korrikalariengan.

Goizeko hamarrak aldera Mendizorrotzako inguruak beteta zeuden. Korrikalariak azken prestaketak egiten, eta aukera paregabea agurrak elkar trukatzeko. Eguraldi hotz samar baina korrika egiteko ezin hobea. Irteeran denontzako lekua baitzegoen. Izan ere, denboraren arabera antolatuta baitago.

10:30ean, puntu-puntuan, hasiera eman zaio lasterketari, korrikalarien txalo artean. Beherantz joan eta errepidean kolore askotako ilara ikusten zen. Gasteiz hiribidean di-da batean sartu gara. Lehen kilometro hauetan aukera izaten da tropelaren zatiak ikusteko, irabaztera joango direnak, marka egitera joan direnak, iazko denbora hobetzera joango direnak, baita bukatzera joango direnak. Azken finean, den-denak beharrezkoak dira.

Ia konturatu gabe, Zumakadi ibilbidean sartu gara. Ezbairik gabe, unerik gogorrenetarikoa, gainera euria eta haizea agertu zaizkigu. Errepidea oso zabala da eta espaloietan ikusle gehiagorik ez dago. Hori, jakina, ez da batere atsegina korrikalarientzat. Halere, guk tropeltxoa osatu dugu, eta bata eta bestearen hizketaldiek arindu dute ibilbidea.

Ari gara, ari gara kilometroak betetzen. Espaloietan beti daude ikusleen animoak, "gutxi falta da", "gero eta gutxiago falta da", eta era horretako esaldiak dira gehien entzuten direnak. Erdia igarota, hor aldapan gora joanez Frantzia kalean sartu gara. Hiriaren erdia zeharkatu dugu animoen artean, baina hankek nabaritzen dute 15. kilometroan gaudela. Buruak baietz dio baina hemendik aurrera hankek dute hitza. Manuel Iradier kalean korrikalarien nekea nabarmena da, eta zer esanik ez San Kristobaleko zubian. Halere, nekea berehala ilusio bihurtu da, izan ere, Unibertsitateko kaleetan sartu garenean jendeak eta entzundako animoek hankak bizkortu dituzte.

Gutxi falta da, oso gutxi. Azken kilometroa gozatzeko baita; halere, sufrimendurako ere bada. Helmuga ikusten baita baina oraindik Cervantes ibilbidea ia-ia osorik egin behar helburua lortu ahal izateko. Baina zer polita den ikusleen, ezagunen eta aldez aurretik sartu diren lagunen animoak jasotzea. Helmugan eskuak altxatu ditugu, txapeldunak izango bagina bezala.

Hurrengo urtean, berriz ere, bertan izango gara!

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide