3.300 korrikalarik hartuko dute parte igande honetan Gasteizko 41. Maratoi Erdian. 10:30ean emango zaio hasiera lasterketari Lasarteko atarian, eta Mendizorrotza futbol zelaiko aparkalekuan amaituko da.
Emakumezkoen partaidetza % 15ekoa izango da, izan ere, 500 korrikalarik parte hartuko dute. Gizonezkoen artean, 2.800 partaidetik gora arituko dira. Herrialdeei dagokienez, arabarrak izango dira gehienak: %45a; guztira, 1.500 korrikalari. Bizkaitik etorriko direnak 500 bat izango dira eta Gipuzkoatik ia-ia 400 partaide hurbilduko dira.
Proba egonkortzen hasi da; zenbait gorabehera izan ondoren, korrikalari kopuruari dagokionez, finkatzea lortu du. Giro aldetik, argi eta garbi esan genezake gero eta ikusle gehiago hurbiltzen dela kaleetara korrikalariak ikusi ahal izateko.
Igandean badirudi eguraldia ez dela lasterkarien lagun izango. Izan ere, iragarpenek diotenez euria egingo omen du. Dena den, tenperatura ez da txarra izango korrika egin ahal izateko. Ea eguraldiak laguntzen duen eta festa nagusitzen den!
Ibilbidea (21,097 km)
Gasteizko erdiguneko kaleak korrikalariz beteko dira. Izan ere, punta batetik bestera zeharkatuko dute hiria. Kilometroz kilometro harturik, esan genezake ibilbidea laua dela. Lehen kilometroak Gasteiz hiribidetik izango dira, gerora, aldapan gora, Ariznabarra auzoraino. Lasterketako unerik gogorrenetariko bat Zumakadi ibilbidean izango da. Kale hau oso luzea eta zabala baita, horren ondorioz tropela luzatuko da.
Adurtza auzotik ere igaroko da, Herrandarren kalean sartzeko. Zaramaga auzoko biztanleek lasterketa ikusteko aukera ere izango dute. Une honetan ia-ia erdia izango da egina parte hartzaileentzat. Hortik aurrera, berriz ere, erdigunera sartuko da lasterketa Frantzia kaletik. Dagoeneko, kale hauetan nekearen aztarnak nabarituko dira korrikalarien hanketan. Gasteiz hiribidetik pasako dira, berriz ere, azken kilometroetan sartzeko.
Bukaeran, labirinto moduko izango da. Helmuga hurbil, ikusleak non-nahi, baina oraindik orain kilometroak geratuko dira helmuga zeharkatzeko. Nieves Cano kalea, Batan, Frai Francisco, Cervantes ibilbideak zeharkatu behar helmugara ailegatzeko.