"Barne behaketa lan handia du aktoreak"

Anakoz Amenabar 2018ko abe. 14a, 11:11
Patricia Lopez Arnaiz, Gasteizko Ortzai aretoan. /Erlantz Anda

Sorkuntzari lotutako zirrikitu bat bilatzeko asmoarekin heldu zen Patricia Lopez Arnaiz Ortzai antzerki taldera, formazioa jaso eta esperimentatzeko gogoz. Bere hasierako asmoa ez bazen ere, ofizioak erabat harrapatu du aktorea, eta ikus-entzunezko proiektu sorta zabala kateatu du azken urteetan.

Antzerkian lehendabiziko saioak egin zituen txokora bueltatu da Patricia Lopez Arnaiz (Gasteiz, 1981), Ortzaik Gasteizko Alde Zaharrean duen aretora. Bi urte egin zituen Iker Ortiz de Zaratek gidatutako lantaldearen eskutik arte eszenikoen sekretuak deskubritzen, eta hunkituta etorri da hasierako agertokira. Geroztik, arrapalada bizia hartu du haren zine ibilbideak; azken urteetan, besteak beste, La peste eta La otra mirada serieetan, eta Julio Medem edota Alejandro Amenabarren azkeneko pelikuletan parte hartu du. Aktore onenaren Ondas saria jaso berri, etenaldi arina egin du etxean.

Zer oroitzapen dituzu Ortzai areto honetan? 

Hemen oso ondo pasa dut. Ni profesio honetara heldu naiz, baina ez zen nire helburua; asmoa hona etortzea eta formazioa egitea zen, eta horrekin disfrutatzen nuen. Hemen inplikazio handia egon da, buru-belarri aritu ginen, eta, beharbada handinahia da esatea, baina hemen deskubritu nituen ofizioaren zokoak, antzerkia bide bat dela, oso sakonera eraman nahi zaituena; adierazpen formal bat da, baina barruan arakatu beharra dago, eta gauzak gertatu daitezen jaso eta emateko prest egon behar duzu. Bidaia egin dudan lekua da espazio hau niretzat.

Noiz heldu zinen bertara?

Unibertsitatean Publizitatea amaituta, oso galduta nengoen, eta sorkuntza habitat moduko baten bila hasi nintzen. Denetarik egin nuen, azaletik: argazkiak, pintura, musika talde batean abestu... Horretan nenbilela, lagun batek esan zidan: badago gure parte bat inoiz aldatuko ez dena: batzuk transformatu egiten dira, eta beste batzuk ez. Eta horren bila etorri nintzela uste dut. Antzerkiak zerikusi handia du atentzio lan batekin, meditazio moduko bat da, zure barrutik pasatzen dena ikustea, gorputzarekin eta emozioekin lan egiten duzu. Norberaren behaketa  lan handia dago, presente egoteaz kontziente izatea, eta uste dut nire izaerarekin bat datorrela. Oso gustora sentitzen nintzen habitat horretan. 

Antzezlan desberdinetako elementuak ikus daitezke aretoan. Baten bat da berezia?

Bai, Miren Pompis laneko elementuak daude hemen, eta berezia izan zen. Obra honekin, orain nire errepresentatea denak ezagutu ninduen; hiru-lau pertsonaia nituen eta arin-arin transformatu behar nuen. Hor interesa piztu eta deitu zidan Loinaz Jauregik. Nik zalantza nuen eta bera tematu zen. "Pelikula eder bat dut esku artean, dudak alde batera utzi eta etorri froga egitera", esan zidan. Hor engantxatu nuen ikus-entzunezkoekin, 80 Egunean pelikularekin.

Gaur egun, kanpotik ikusita, zurrunbilo batean sartuta zaudela dirudi.

Eta barrutik ere hala da, kar-kar. Azken batean, ezarritako abiadura bat da, zuk ezin duzu erritmoa markatu; abiadura oso bizia izaten ari da, eta horretara egokitzen ari naiz. Bestalde, asko bidaiatzen ari naiz, eta ia ez dut harremanik etxeko eta lagunekin, eta abiadura sentsazio horrek ere badu horrekin loturarik, lur hartu eta frenatzeko oso momentu gutxi daudelako. Lanaz gainera, inplikazio pertsonal eta emozional handia eskatzen du esposizioak. 

Orain dela 15 urte desberdina izango zen? 

Ziur aski bai. Duela 15 urte ez dakit ahal izango  nukeen; orduan publikoaren aurrean agertzeak atzera egiten zidan, ofizioan pentsatzen nuenean ezaguna izateko aukerak ikara ematen zidan. Anonimotasunean erosoago sentitzen nintzen. Baina, egia da, aukera heldu denerako nolabait pixkat prestatuta nengoela. Lanarekin ere hori bera pentsatu dut, eskaintzarik helduko al da oraindik prest ez nagoenean? Ez dakit hori ere gertatu daitekeen, ez dakit aukerak heltzen diren fruitua heldu denean eta antolaketa horrekin.Prestatzen zoaz, eta datorrena datorrela. 

 

'La peste' seriea izan da jauzia emateko aukera?

Hasiera batean El guardián invisible izan zen nolabait merkatu batean sartzeko aukera; eta ikus-entzunezkoak gogoko nituela konfirmatu nuen hor. Baina, horren ostean, hainbat hilabetez geldi egon nintzen eta nire aurreko lanera bueltatu nintzen, La peste agertu zen arte; emakumezko protagonista bat, aurrekontu ikaragarria duen lan batean eta ikaragarri gustatzen zaidan Alberto Rodriguezekin. Hori, modu batera, konfirmazioa izan zen: ofizio honetan egon naiteke, badaude pertsona profesionalak nigan konfidantza dutenak erantzukizun handiko lan baterako.  

Ondoren heldu zen Julio Medem.

Hori ere ikaragarria izan da. Oso zalea naiz La ardilla roja edota Vacas pelikulena, eta harekin lan egitea zerbait sinbolikoa zen niretzat: "Ostia! Medemekin lan egingo dut!". Sekulako albistea izan zen. Eta horren ostean heldu zen TVEko seria, Amenabarrekin...  

Zuzendari batetik bestera, aldea nabari da?

Ikaragarri desberdinak dira. Lan bakoitza gauza berri bat da. Zuzendari bakoitzarekin profesioaren gauza desberdinak deskubritzen ditut. Amenabarrekin, esaterako, asko disfrutatu dut; saio gutxi izan dira, baina lan oso polita izan da. Gidoia hain ongi dago idatzita ezen ez baituzu  bultzatu edo defendatu behar, gertatu egiten da; testuinguruak sentimenduak agerian uzten ditu, eta gauzak gertatu egiten zaizkizu, berez. Amenabarrek heldu ez zaren lekuetara heltzeko irizpideak ematen dizkizu, oso egokiak beti. Nire lan egiteko modua ere aldatu dela uste dut; hasiera batean obraren zerbitzura lan egiten nuen eta eman egiten nuen, zuzendu nintzaten. Zalantzak izan ditudanean, argi esan dit berak: zuk egin nahi duzun pertsonaia. Gero eta gehiago ulertzen ari naiz zenbateko borondate kreatiboa izan dezakezun eta nola negoziatu dezakezun hori. Horrela funtzionatzen du; denok ari gara lan honetan gauzak saltzen. Kasu honetan halako zuzendari batek gainbegiratzea luxu bat da; beste gauza bat da bakarrik uztea, hori putada bat izan daiteke erantzukizuna erabatekoa delako zurea; hori ez, zuzendu egin behar zaituzte. Oso erraz egiten da lan berarekin, zuzendu bai, baina sormen espazio handi batekin.

Nolakoa izaten da sortze prozesu hori? 

Kontatu behar dituzun gauzetarako kanal bat bilatu behar da. El guardián invisible-ren ostean, prozesu bat izan da berriz deskubritzeko: ez dut gogoratzen noiz ikasi ditudan gauzak, baina egin egiten ditut. Hori egiten ikusten dut nire burua, eta, hara! hau hemendik dator; denbora honetan barneratu ditut erramintak, jakin gabe zertarako egiten nituen hainbat ariketa. Bat-batean teknika bat dudala deskubritzen dut eta edozein teknikak plazera ematen du. Barneratuta duzu, eta estrategia lana da azken batean; nola iritsi behar duzun horretara pentsatu behar da, eskura dituzun baliabideekin. Eta dituzun erremintez disfrutatzen duzu, estrategia jokuen antzera. Horrek plazer handia ematen du.          

Pertsonaiek zer zama dute aktorearentzat? 

Batzuk oso erraz desagertzen dira, eta beste batzuk, arrazoi desberdinengatik, arrasto luzea uzten dute. La otra mirada seriea, esaterako, oso intentsoa izan da; bost hilabetez hori izan da nire bizitza, ez da besterik egon. Eta desgaste emozionala handia da. Zure lanean zintzoa izaten ahalegintzen zara; eguneroko gimnasia bat egiten duzu, irudimen ariketa etengabekoa, eta min egoerak dira horietako asko. Aitaren galera izan da gaietako bat, eta horretan jartzea lortzen duzunean benetan sufritzen ari zara aitaren galera. Ofizio honek duen misterio handietako bat da hori; nik ez dakit ongi neuretik zenbat jartzen dudan, zer naizen ongi ez dakidalako. Azken batean, pertsonaiak gu geu gara, adierazteko modu desberdinak dira, ez gara beste batena egiten ari, zu zeu zara beste egoera batzuetan eta beste zeinu batzuei lehentasuna ematen pertsonaia bat osatzerako garaian. La peste-ko Teresarekin, esaterako, asko disfrutatu dut: euste-ariketa eginez, gezi zorrotzak botatzen ditu berak. Ni beharbada inpultsiboagoa naiz, baina bizitza errealean askotan pentsatu dut: zer egingo luke orain Teresak?  

Alde zail bat ere badu aktore ofizioak.

Lankideekin hitz eginda, lanik gabeko garaiak eta ziurgabetasuna dira ofizio honen alde zailenak. Denok ezagutzen ditugu aktore on ugari, Goya bat jaso eta lan bila daudenak. Momentuz, esperientziarekin oso pozik nago eta gozatzen ari naiz.

 

 

"Ofizioaren misterio zoragarrietan hasteko lekua izan zen Ortzai"

Gorbeialdea. 

Etxea eta zerua. 

Ortzai taldea. 

Ofizioaren misterio zoragarrietan hasteko lekua; sarbide-erritutik badu zeozer. 

Baratza aretoa. 

Bidaia txamanikoa gorputzaren bitartez. 

Hell Dorado aretoa.

Etxea eta lagunak.

Publizitatea. 

Ahaztuta daukat. Baina aukera bat izan zen kulturarekin harremana zuen jendea ezagutzeko, deskubritzeko. Musika, zinema, bibliografia... eta Italian Erasmus bat.

Amets bat antzerkian?  

Solemnitate gabeko pertsonaia miserable bat egitea gustatuko litzaidake. 

Pelikula bat? 

'A woman under the influence', John Cassavetes-ena. Gena Rowlands ikaragarri dago honetan. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide