Arte eta Diseinu Eskolan ziklo berriak ezartzea ahalbidetuko du Kreak

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2018ko aza. 28a, 09:54
Krea eraikinaren klaustroa. HEZKUNTZA SAILA

Gasteizko Arte eta Diseinu Eskola Krea eraikinean kokatzeko aukera aztertu du arkitektura bulego batek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren eskariz.

ADD UP! izeneko arkitektura eta ingeniaritza bulegoak aurkeztu duen azterketaren arabera, Gasteizko Arte eta Diseinuko Goi Eskolaren jarduera ederki egokitzen da Krea eraikinaren egungo egiturari, eta aldaketa gutxi batzuk eginez gero laster kokatu daiteke bertan. Izan ere, 2010. urtean eraberritu zuten Betoñuko komentuaren azpiegitura baldintza hoberenetan dago. "Halaber, amaitu ez zen proiektuetan diseinatutako altzairuak gorde dira".

Hala, arkitektoen arabera, programa guztia Krea eraikinaren beheko eta lehen solairuetan kokatu daiteke. Bigarren solairutik gora dauden espazioak –bost solairu ditu Kreak– libre geratuko lirateke beste erabilera batzuentzat, edo etorkizunera begira diseinu eskolak ikasketa programa handitu nahiko balu. "Eskolaren egungo erabilerak eta azalerak Kreara aldatzea bideragarria izateaz gain, heziketa-ziklo berriak ezartzea ahalbidetuko luke".

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak egindako eskari bati erantzunez egin du Gasteizko Diseinu Eskolaren kokatzeari buruzko azterketa Gipuzkoako arkitektura bulegoak; eta PPko legebiltzarkide Carmelo Barriok Eusko Legebiltzarrean eginiko galdera bati erantzunez zabaldu berri du arkitektoen txostena Cristina Uriarte sailburuak. 

Krearen kafetegia.

Alde batetik, Gasteizko Arte eta Diseinu Eskolak Zaramagan okupatzen duen eskola zaharrean eta ikasleek Krean erabilgarri izango dituzten metro koadroak alderatu dituzte arkitektoek aldaketaren egokitasuna nabarmentzeko –1.878 metro koadro dituzte oraingo eskolan, eta 2.644 metro koadro izango dituzte Betoñuko komentu eraberrituan–. Nabarmendu dutenez, egun eskolak irakaskuntzara zuzendutako espazioak ditu baina jarduerak gizarteratzeko eta kaleratzeko aukerarik ez dute.

Halaber, Krearen kanpoko itxurari eta izaerari  heldu die ADD UPP! arkitektura bulegoak aldaketaren egokitasuna argudiatzeko. Arkitektoen ustetan, irudiak eta diseinuak balore gero eta handiagoa duten gizarte batean "onartezina" da Gasteizko Arte eta Diseinu eskola egun dagoen eraikinean jarraitzea. Horregatik Kreara aldatzeko erabakia "ezin egokia" dela uste dute. "Azpiegitura kulturala bezala eraiki zen Krea, irakaskuntza-espazio desberdinekin, ikasleen egoitza, erakusketa eta ekitaldi aretoak…; eta halaber irudi formal biribila duen ikonoa bilakatu da, aldi berean xumea eta igar daitekeena. Erakusgarritasunak gaur egun ez duen ikusgarritasuna emango dio eskolari".

Arkitektura bulegoaren arabera, eraikinaren espazioen banaketa eta distribuzioa aurrerago egin beharko litzateke Diseinu eta Arte Eskolarekin elkarlanean. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide