Goi mailako diseinu eskola hartuko du Betoñuko Krea eraikinak

Erredakzioa 2018ko urr. 4a, 18:46
Akordioaren berri eman dute Jon Urresti Vital Fundazioko presidenteak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak.

Hamaika urte hutsik egon eta hamaika proiektu mahai gainean izan eta gero, akordioa lortu dute Eusko Jaurlaritzak eta Vital Kutxak. Betoñuko Krea eraikina hezkuntza helburuekin erabiltzeko akordioa izenpetu dute. Zehazki, 2019ko urtarriletik aurrera, I-D Arte, Euskadiko Goi Mailako Diseinu Eskolaren egoitza izango da, eta Tknika, Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko Zentroa ere jasoko du.

I-D Arte eskolak egun Gasteizko Zaramagan duen egoitzan eskaintzen ditu ikasketak. Joan zen ikasturtean 285 ikaslek burutu zituzten Goi Mailako Diseinu ikasketak zentro honetan (barne diseinua eta diseinu grafikoa), eta beste 80k aldiz, Artearen arlokoak egin zituzten (argazkigintza eta ilustrazioa), aukera hau ere eskaintzen baitu eskolak.

Lanbide Heziketaren arloko proiektu bat ere sortu eta abiatuko du Kreak: Tknika-ren instalazio berri hauetan orain arte garatu dituen proiektuak zabalduko ditu, sektore berriei erantzuna emanez. Hain zuzen ere, sormen industrien arloan egingo du lan Betoñun, Errenterian duen egoitzan Tknika azken urteetan egiten ari den lanarekin koordinazioan eta haren osagarri, eta aurrerago Bilbon egingo den handitzearekin ere lankidetzan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide