Amaitu da lehen eguna, eta bizirik dirau gure erronkak: lehen, bigarren eta gogoko hitzak...euskaraz. Denetarik esan, entzun eta bizi izan dugu; hain euskalduna ez den Donostian, eta hain erdalduna ez den Gasteizen... esperientzia guztiak aberasgarriak, baikorrak eta gozagarriak. Onena? Gasolindegi bateko langile "sasi-erdaldunei", euskaraz eskatu 30€ gasolina eta bere faktura; eta inolako aurpegi txarrik ipinik barik, belarria prest, bi lanak ederto egin. Euskaraldia txaparen super-botereak? Eta eguneko esperientzarik harrigarriena? Nacho Vegas handia gaurko Gasteizko kontzertu zoragarrian Euskaraldia aipatzen entzutea, gutxi gorabehera horrelako zerbait entzun dugu: "ya me ha dicho Joseba Irazoki que hoy es un día grande, que hoy ha empezado el Euskaraldia. Todo mi respeto y simpatía por esta iniciativa”. Urtu egin gara, eta paparreko txapako ahoari irribarrea somatu diot... bihar arte!
Joan zen bigarren eguna, eta badator hirugarrena. Atzokoan ere gertaera kuriosoak eta erronka bereziak. Ahal bezain ondo egin genien aurre, eta gure "ahobizia" airoso atera zen ataka ezberdinetatik: erdarazko eremu batean euskaraz egin hizlariari; dendari erdaldunari euskaraz lehen hitza eta ondoren Euskaraldiari buruz mintzatu; botika bete-bete eginda zegoela, botikari euskaldunarekin euskaraz jardun eta esperientzia hau nola bizitzen ari garen partekatu.... Hainbat eta hainbat bizipen, denak aberasgarriak.
Ederra izaten ari da! Eta gehien harritzen eta barrea eragiten didan kontua honako hau, zenbat "rol' ezberdin asmatzen ari den jendea... Pagobizi eta belardiprest, sudurprest eta ahobizio, alubizi eta zakilprest.... etab, etab... Bada arrakastaren seinale hoberik?
Amaitzear ariketako hirugarren eguna, eta saiatu gara esanekoak eta zintzoak izaten. Gaurko erronka ez zen makala, eta nola edo hala egin diogu aurre: egun osoa pasa dut euskara ikasten ari, eta justu-justu ulertzen duen "Belarriprest" batekin. Nire aldetik erdarara pasatzeko tentazioak itzelak izan dira, baina azkenean eutsi egin diot, eta salbuespen txiki batzuk izan ezik, egun osoan egin diot euskaraz gaztelaniaz erantzuten zidan belarriprestari. Esperimentua badoa aurrera, seguru klusterreko lagunak kalera ateraz gero beren neurgailu eta anotazio-koadernoekin, jasoko lituzketen emaitzak normalean hartutakoak baino dezente hobeak liratekeela!
Gaur Euskaraldiako #ahobizi eta #belarriprest pozik ibili dira mendian gora eta behera. Bihar esperientzia berriak!