Badator ostera ere Kantari Gasteiz, haur eta gazteentzako euskarazko karaokearen hirugarren edizioa. Pasa den aste bukaeran entseguak egin ostean, 380 neska-mutiko inguruk parte hartuko dute euskarazko kantak sustatzea helburu duen ekimenean. Aurten ere bikoitza izango da hitzordua, izan ere, larunbatean eta igandean grabatuko dira saio guztiak, Vital Kutxa Fundazioaren aretoan, Dendaraban.
Parte-hartzaile guztiei sarrerak banatu zaizkie, gurasoez edo gertukoez lagunduta joan daitezen. Baina, nabarmentzekoa da bertaratu ezin direnek emanaldi guztiak zuzenean ikusteko aukera izango dutela, 'alea.eus' webgunean.
Kantari ezagutzeko zenbait datu
Kantariren helburua neska-mutikoek euskal kantuak abesten eta dantzatzen ondo pasatzea da. Ez du inolako lehiaketa kutsurik eta, hortaz, ez da irabazle eta galtzailerik izango. Parte hartzea eta ondo pasatzea da garrantzitsuena.
Talde bakoitzari dagokion abestia zozketa bidez erabaki da eta talde bakoitzari ikuskizuna prestatu ahal izateko materiala aldez aurretik bidali zaie: hain zuzen, kantuaren audioa, ikasi behar dituzten letrak eta baita koreografia behar bezala egin ahal izateko bideoak ere.
Kantari Gasteiz 11 Ber Bi festibalaren inguruko ekimena da.