Euskaraldiaren lehen Probaldia egin dute, "arrakasta" osoz

Erredakzioa 2018ko urr. 30a, 14:16

Salburuko gizarte etxean egin dute probaldia, baina kalera ere atera dira. / Euskaraldia

Euskaraldiaren Probaldia egin dute Salburuan, eta belarriprest eta ahobizi roletan trebatzeko saioak antolatu dituzte Gasteizen.

Euskaraldiaren Gasteizko Probaldia egin dute larunbat arratsaldean Salburuko gizarte etxean. Berrehun bat lagunek parte hartu dute orain arte proposamen baino ez zirenak errealitatean gorpuzteko ariketa praktikoan. Eta ariketa hori ederki gainditu dute, antolatzaileen arabera: "arrakastatzat" jo du probaldia Gasteizko Euskaraldiko koordinatzaile Oier Azkarragak.

Arratsaldeko bostetan hasi dira beroketa lanak, umeei bideratutako Egur taupadak izeneko antzerkiarekin. Ondoren etorri da mugimendua: ginkana egin dute, eta kalera atera dira, auzokideekin mintzatzeko. Gizarte etxean geratzea nahiago izan dutenek, aldiz, zumba klasera joateko aukera izan dute.

Mintzodromoa egin dute ondoren, eta bertan norberak hizkuntzarekiko bere esperientzia kontatzeko modua izan du. Modu horretan, esperientziak partekatuz, euskarak aurrera egin dezan tresnak ezagutarazi dituzte.
Arratsaldeari behar moduko amaiera emateko, Jon Basaguren musikariaren kontzertua izan dute Salburuan bildutakoek, eta datorren hitzorduaren zain geratu dira: azaroaren 23an hasiko baita benetako ariketa.

Trebatzeko saioak

Data hori heltzen denerako, baina, ahobizi eta belarriprest roletan trebatzeko ostegunero saioak antolatu dituzte, Gasteizko Oihanederren. Saio horietan parte hartzeko euskaraldiagasteiz@gmail.com posta elektronikoan izena eman behar da, edo, zuzenean galdetegi honetan. Hauek dira jakinarazi dituzten hitzorduak:


Belarriprest izateko:

Azaroak 1, 18:00etan.
Azaroak 8, 10:30ean.
Azaroak 15, 18:00etan
Azaroak 22, 10:30ean eta 18:00etan

Ahobizi izateko:

Azaroak 1, 10:30ean.
Azaroak 8, 18:00etan
Azaroak 15, 10:30ean.
Azaroak 22, 10:30ean eta 18:00etan

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago