ELA, LAB, ESK, EILAS, UGT, CCOO, USO, CNT eta CGT sindikatuek San Frantzisko eliza memoria gune bihurtzeko eskaera babestu dute. Zaramagako elizak Martxoak 3ko sarraskiaren biktimen memoriari lotutako proiektu bat har dezan eskatu dute bederatzi sindikatuek. Halaber, memoria eta giza eskubideei lotutako politikak garatzeko balio behar duen gunea izan behar dela nabarmendu dute.
Bestalde, Memoria Gara plataformak azaldu du 2.500 bat sinadura lortu dituela jada change.org plataformaren bitartez, bere eskakizunaren alde.
Proiektua aurrera ateratzeko Apezpikutzaren baimena beharko du plataformak, eta horrenbestez iragan hilabetean bilkura eskatu zuen Gasteizko Elizbarrutiarekin egitasmoa aurkezteko. Bada, eliza katolikoaren ordezkariek oraindik ez dute erantzun. Ekimenaren iritziz, "elkarrizketarako borondatearekin herritarren eskaerari erantzun daiteke, eta jaiotzen erakusketarako beste gune bat bilatu daiteke".