Gasteizko San Frantzisko eliza memoria gune bihurtzeko ekinaldiak 2.100 sinadura baino gehiago batu ditu change.org plataforman. "Izan ere, memoria historikoak betiko batu ditu 1976ko martxoaren 3a eta San Frantzisko Asisko eliza eta, horrekin batera, etengabe eskatu eta oraindik lortu ez diren egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermearen aldarrikapenak", ekinaldiko sustatzaileek azaldu duten moduan.
Proposamena aurkeztu eta bi egun beranduago jo zuen Memoria Garak Apezpikutzarengana, baina oraindik ez dute jaso Gasteizko Elizbarrutiko arduradunen erantzunik. "Elkarrizketarako borondatearekin herritarren eskaera honi erantzun daiteke eta gaur egun jaiotzen erakusketarako beste gune bat bilatu daiteke". Erakundeei elkarlana eskatu diete sustatzaileek, eta Gasteizko herritarrei aldarrikapenarekin bat egin dezaten.
Horretarako, besteak beste, ostiralero Zaramagan egiten den pintxo-potearekin bat eginez, Memoria Garak bere aldarrikapena kalera aterako du gaur. 20:00etatik aurrera, San Frantzisko elizatik bertatik aterako dira musika eta photocall ibiltari batekin, eta manifestua sinatzeko aukera ere izango da bertan.