"Gezur eta irain asko jasan behar izan ditut azken asteetan"

Anakoz Amenabar 2018ko urr. 18a, 10:25

Gorka Urtaran, Gasteizko udaletxean duen bulegoan. / A. Martinez de Luna

Azkenaldian, haren kontra egiteko "gatazka artifizialak" antolatu dituztela salatu du Gorka Urtaranek. Ezker abertzaleari egotzi dizkio, besteak beste, Okupatu Gasteiz jaialdia eta Olarizuko gurutzearen inguruko afera "erabiltzea" aurka egiteko.

Maiatzeko hauteskundeen zamak baldintzatuko ditu legealdiko azken hilabeteak, baina alderdien arteko tentsioa "aspaldikoa" dela aitortu du Gorka Urtaran (Gasteiz, 1973) alkateak. Aginte-makila eskuratzeko beharrezko babesa izan zuen alderdiekin –EH Bildu, Podemos eta Irabazi–  harremana "hoztu" egin dela esan du, eta, "estrategia politikoagatik" hainbat gai atzeratu izana leporatu die. 

Legealdia amaitzeko zortzi hilabeteren faltan, zer geratzen zaizu egiteko? 

Egin gabeko proiekturik ez nuke esango geratu denik, baina hainbat proiektuk erritmo biziagoa eraman zezaketela bai. Akordioak lortuz eta beste jarrera batekin posible izango zen hauetako asko arintzea; Gasteiz Antzokiaz, tranbiaren luzapenaz edo beste inbertsio batzuetaz ari naiz.  

Orain hiru urte baino ahulagoa ala sendoagoa daude alderdien arteko harremanak?

PPrekin harremanak nahiko txarrak izan dira legealdi osoan zehar, nahiz eta akordio jakin batzuk lortu; hasieratik ez zuten ulertu eta barneratu Gasteizen gertatutakoa, eta, beraz, oso akordio gutxi lortu ditugu, zoritxarrez. Izan ere, uste dut, ideologiak ideologia, oso inportanteak direla akordioak edozein administraziotan. EH Bildu, Podemos eta Irabazirekin harremanak hoztu egin dira, eta ezin dut ulertu; ez da oraingo kontua, 2016tik dator. Ezin dut ulertu nola EH Bildu, adibidez, legealdia hasi eta 12 hilabetera urrundu egin zen EAJtik eta bakarrik utzi gintuen erronka honetan; aldaketaren gurdi horretatik jaitsi zen urtebetera. Ordutik, bi urte pasa dira oso akordio gutxirekin, baina jarrera positiboa erakutsi dutenean lortu ditugu akordioak; azken hiru asteetan akordio bat lortu dugu PPrekin ordenantza fiskalak onartzeko eta EH Bildurekin kirol azpiegiturak hobetzeko.   

Salbuespena dira?

Espero dezagun ezetz. Ni beti egon naiz prest akordiorako, haiek badakite. Azken bi urteetan akordioak egon ez badira ez da izan zailtasunak egon direlako, estrategia politiko batengatik baizik. EH Bilduri eta PPri ez zaie interesatzen EAJ indartsu bat Gasteizen.

Jeltzaleek Legebiltzarrean egin duten apustua, erabakitzeko eskubidearen aldekoa, kolokan jarri dezake EAJ eta PSEren arteko akordioa?

Alderdi sozialistarekin harremana oso ona da Udalean, uste dut estutu egin dela azken bi urte eta erdi honetan, eta ez dut uste kolokan jarriko duenik harremana erabaki horrek. Legealdi hasieran gauza bera gertatu zitzaigun; alderdi sozialista ez zen gobernuan sartu Pedro Sanchezek jasotako presioengatik, eta harremanak hemen ez ziren kaltetu. Desberdintasun asko egon daitezke bi alderdien artean, hau da desberdintzen gaituenetako bat, baina adostutako desadostasun bat da, eta ez dut uste arriskuan dagoenik akordiorik. 

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak estatutu berrirako oinarrian EAJk EH Bildurekin adostutakoa izan behar dela dio, erabakitzeko eskubidearen alde. Lehendakariak, berriz, porrota dela soilik abertzaleen babesa duen estatutu bat ateratzea.

Lehenengo urratsa hori izan behar da, EAJ eta EH Bilduren artekoa, baina etorkizunerako bermez jokatu nahi baldin badugu eta akordio hori garatu nahi baldin badugu, zabalagoa izan behar da, argi eta garbi. Alderdikide bezala oso gustora nago akordio honetan, erabakitzeko eskubidearen aldekoa naiz, jelkidea naizelako, eta autodeterminazioaren aldekoa naiz. Baina nik, alkate bezala, ikusita zer nolako egoera soziopolitikoa dugun Gasteizen edo EAE mailan, uste dut beharrezkoa dela akordio hori zabalagoa izatea, eta malgutasunez jokatzea denok. Alde horretatik, beraz, bat nator Lehendakariaren hitzekin.

Gasteizera bueltatuta. Urriaren 6an Okupatu Gasteiz jaia ospatu zuten ehunka lagunek.

Harrigarria iruditu zait. Ezin dut ulertu zergatik gertatu den gertatutakoa. Eremu publikoa eskatu zuten jai hori egiteko; kale eta plaza asko eskatzen zituzten, eta kontuan izan behar dugu urriaren 6an ez zegoela jai hori bakarrik: Alde Zaharreko azoka, Euskal Herriko dantzariak... eta baimena eman genien toki jakin batean egiteko. Baina esango nuke hau dena EH Bilduk prestatu zuela nirekin konfrontatzeko; bestela ez dago ulertzerik sortu dena. Ez dugu ezer debekatu, guk eremu publikoa konpartitu dugu, justu haiek eskatzen zutena: konpartitu. Beste alde batetik, jakin nahi nuke: non dago berdintasuna Okupatu Gasteiz ekitaldi horretan? Zergatik batzuek okupatu dezakete etxebizitza bat ezer ordaindu gabe, gainontzekook ordaintzen ditugun bitartean gure zergak, gure hipotekak...

Arazo bati erantzuna da beharbada, aukera faltari...

Badaude aukerak. Badaude alokairuak gazteentzat, Ensanche 21 erakundeak deialdiak egiten ditu tarteka, eta ez dira animatzen. Esango nuke "berdintasunaren" kontzeptua ez dutela ondo ikasita, ez EH Bilduk, ezta Okupatu Gasteizko kideek ere. Izugarrizkoak entzun behar izan ditut azken aste hauetan; gezur eta irain asko jasan behar izan ditut. Zein da euren askatasunaren kontzeptua? Haien proiektuaren alde ez banago, irainak jaso behar ditut? Nahiko adierazgarriak izan dira haien jarrera eta gezurrak. Ez nago autogestioaren kontra, baina arau batzuk bete behar ditugu denok, eta badaude gutxi batzuk nahi dutena egin dezaketena. Ez dut ulertzen berdintasunaren kontzeptu hori, eta ez naiz eredu horren aldekoa.

Ez dizkiozu ikusten, beraz, alde aberasgarriak Errekaleor proiektuari?

Bat bera ere ez. Hara joan, etxea okupatu, sortzen den zaborra jaso dezatela besteek ezer ordaindu gabe... Zeren truke? Jarrera berekoia da hori.

 

"Okupatu Gasteiz-ekin bezala,

gatazka artifiziala iruditzen zait Olarizukoa, behartutakoa"

 

 

Memoria Gara ekinaldia aurkeztu berri dute, "memoria inklusiboaren" ikur moduan.

Oso interesgarria iruditzen zait. Legealdi honetan zehar ahalegin handi bat egin dugu Martxoaren 3ko biktimak biktima bezala aitortzeko, hainbat ekimen egin ditugu; Gasteizko Udalean, lehenengo aldiz, aitortza egin diegu. Europan ere izan gara M3ko biktimen egoera zabaltzeko eta justizia egiteko.

Biktimen Memoriala dago, beste alde batetik. Zergatik eman babesa biktima batzuk alboratzen dituen erakunde bati? 

Ezin naiteke biktima batzuen kontra jarri beste biktima jakin batzuk ez daudelako; ezin naiteke jarri ETAko biktimen kontra, Martxoaren 3ko biktimak ez daudelako. Nik eskatu dezaket, eta ez baldin badira han egongo beste toki batean egongo dira, biktima horiek ere gure aitortza merezi dutelako. Baldintza moduan jartzea biktima batzuk egotea besteei babesa emateko? Niri ez eskatu hori, ez dudalako egingo. ETAko biktimak ere hor daude, eta GALeko biktima batzuk, eta horiek ere nire babesa dute, M3ko biktimek merezi duten moduan. Nire aldetik, biktima guztiek tratu berdina behar dute, eta, beraz, Memoria Gara proiektu hori oso interesgarria iruditzen zait. Elizari dagokio erabakia, bestela eginda egongo zelako; bere garaian egin genituen gestioak gotzainarekin, eta orain ere beharrezkoa baldin bada prest egongo nintzateke, zalantzarik gabe.

Olarizuko gurutzeak ere eman du zeresana. 

Nigatik amaitu da. Gurutzea jarri zuen kideetako bat atera behar izan zen esatera herri ekimen bat izan zela eta zerikusirik ez duela frankismoarekin, nahiz eta garai hartako gobernadorea saiatu zen bere egiten ekimen hori. Faxismoaren sinbolo argi bat izan behar da Memoria Historikoaren legea baliatu eta botatzeko, baina kasu honetan ez da. Eta hor dago beste konfrontazio bat, batez ere ezker abertzalearekin, ulertzen ez dudana; askotan esaten diet haiei, gure kontra joateko argudio bila dabiltzala, ez dut ulertzen. Okupatu Gasteizekin bezala, gatazka artifiziala iruditzen zait, behartutakoa.   

2019an dator Lauko Finala. Zer aurreikuspen dituzue?

Nazioarte mailan hiri bezala izango dugun proiekzioa oso handia izango da, eta aprobetxatu behar dugu. Batetik, kirola sustatzeko gasteiztarren artean, eta, bestetik, aukera paregabea dugu Europa osoari erakusteko gauza garela halako ekitaldiak antolatzeko.

Eskalatzaileek agerraldia egin dute aste honetan, Udalak baztertuta dituela salatzeko.

Baina norena da errua? Gasteizen bi rokodromo izatetik hiru izatera pasa gara, eta, beraz, kirol teknikariek baldintza-agiri bat prestatu dute kontratazioa egiteko; horien erabilera baloratu dute eta horren araberako ordu kopurua zehaztu dute, eta gehiago jarri dira, proportzionalki handitu ez den arren. Beraz, zeinek jartzen ditu baldintzak pliego batean? Administrazioak, ez enpresak. Pentsa, eskalatzaileak beharrean FCC datorrela baldintzak jartzera... Eskalatzaileen kooperatibak pultsu bat bota dio administrazioari, jakinda administrazioak ezin duela hori onartu; beraz, esatea debekatu dugula inor aurkeztu ez denean jarritako baldintzetan, gehiegitxo esatea iruditzen zait. Ahalik eta azkarren martxan jartzeko, halere, lizitazio berri bat prestatzen ari gara.

Laster da Euskaraldia. Parte hartuko duzu?

Bai, noski, Ahobizi moduan eman dut izena. Ekimen erakargarria eta polita iruditzen zait. Udaletxean ere egin beharko genuke saiakera euskaraz hitz egiteko; proposamen bat egin beharko dugu zinegotzi guztiekin, behintzat osoko bilkura bat osorik euskaraz egiteko.

Noiz izango da euskara zeharlerroa Udalak antolatu edo diruz babestutako ekitaldi guztietan?

Ni azkarrago joango nintzateke, baina kontuan izan behar dugu zer nolako eskaera dagoen kanpoan eta errealitate soziolinguistikoa zein den. Ari gara urratsak egiten, eta euskararen presentzia Udalak antolatzen dituen ekitaldietan gero eta handiagoa dela uste dut. Egia da, halere, oraindik gehiago egin behar dela. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago