Debekuak debeku, Okupatu Gasteiz eguna egingo dutela berretsi dute antolatzaileek. Manifestazio batekin abiatuko da, 12:30ean, San Anton plazatik, jai giroan, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete. " Denon eskubidea da, dinamika honen barruan gauden lau kolektiboetatik harago doana".
Goizerako prest zeuden ekitaldiak ez dira egingo (txikientzako jokoak, herri azoka...), baina bazkaritik hasita gauera arte "festa" izango dela aipatu dute. "Izango da musika taldeen erantzukizunagatik, agertokia zein dela ere jotzeko prest agertu baitira; izango da tabernengatik, DJak eta kontzertuak jarriko baitituzte; izango da kolektiboengatik, turnoak egingo baitituzte" azaldu dute gaur emandako prentsaurrekoan. Laguntzeko prest daudenekin sare bat osatzen ari direla gogoratu dute.
"Aitzakiak"
Azken egunetan, bestetik, "aitzakia ugari" entzun dituztela nabarmendu dute antolatzaileek, eta horiek gezurtatu dituzte. Jaia debekatzeko Udalak emandako argudio teknikoak "gezurra" direla esan dute. "Irailaren 6an egin genuen publiko Okupatu Gasteizen egitaraua, eta, kasualitatea, ordu batzuk geroago, teknikariek dei bat jaso zuten esanez Urtaranen kabineteak bide publikoa erabiltzeko eskaera ukatu nahi zigula". Gainera, egunaren izena aldatzea ere iradoki zietela esan dute, "Udaleko zerbitzu juridikoen ustez, legea hausten zelako".