Dozenaka lagunek "arduraz" ikusi dute Gasteizko Udalak hiriko lau eragile ezberdinekin (Errekaleor, Hala Bedi, Auzolana eta Gaztetxea) hartutako jarrera eta urriaren 6an ospatuko den Okupatu Gasteiz Egunak jasandako "zentsura", eta babesa emateko manifestua sinatu dute. "Horrelako jai ekimen bat legez kanpo uztea (batez ere izena argudiatuta) zentsuratzat jotzen dugu", salatu dute adierazpenean.
Aurtengo urteurrena debekatzeko arrazoia ez dutela ulertzen esan dute, eta aurretik izandako jaialdiak gogoratu; Alfonso Alonsorekin Gaztetxe Eguna ospatu zen 2005ean; Patxi Lazcozekin Piztu Gasteiz Eguna 2008an; Gora Gasteiz Eguna Javier Marotorekin 2015ean...
Gasteiz "hiri aberatsa" dela nabarmendu dute, kulturalki eta artistitikoki, eta urriaren 6ko egitaraua horretara bideratuta zegoela, "alegia, hiria kolorez margotzera musika, artea eta kultura orokorrean izanik lagun". Hala, Okupatu Gasteiz dinamika osatzen duten eragileek eskaintzen dieten "eszenatokia" eskertu egiten dute sinatzaileek: "Uhinak gure ekimenen berri emateko, oholtza gure ikuskizunak egiteko, frontoia nahi beste praktikatzeko eta auzoa gure proiektuak martxan jartzeko". Eta Udalak egiten duen espazio publikoaren erabilera salatu dute: "Espazio publikoa ezin da soilik milaka euroko diru laguntzak jasotzen dituzten ekimenetara bideratu".
Horregatik, urriaren 6an ospatuko duten urteurren festarekin bat egiteko deia egin diete herritarrei sinatzaileek, "jai giroa nagusi izango den egunean".
Atxikimendu ugari
Kultura, kirola, hezkuntza eta beste hainbat alorretako lagun eta kolektibok eman diote babesa Okupatu Gasteizi. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Anari, Bernardo Atxaga, Blanca Urgell, Fermin Muguruza, Gorka Aginagalde, Toti Martinez de Lezea, Iban Zaldua, Jon Basaguren, Juanito Oiarzabal, Oihane Perea, Unax Ugalde, Iker Gereta, Vendetta, Einar Galilea eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots.