OkupaTu Gasteiz dinamikak datorren urriaren 6rako ekintzez betetako eguna zuen prest: Zea Mays edo Trikoma taldeen kontzertuak, txikientzako jolasak, herri bazkaria, kale animazioa, tailerrak, jolasak, DJak, herri azoka... Egun horren helburua Hala Bedi -35 urte-, Gaztetxea -30 urte-, Auzolana -10 urte- eta Errekaleor -5 urte- eragileen urteurrena ospatzea zen. Gorka Urtararen gobernuak baimenik ez ematea erabaki du, ordea, antolatzaileek salatu duten moduan.
Joan den irailaren 6an programa aurkeztu eta ordu batzuetara dei bat jaso zuten antolatzaileek Udaletik. Hiriko hainbat plazatan egin behar ziren ekitaldiak –Santa Maria plaza, Buruileria plaza, Etxanobe parkea...– egiteko baimenak atzera bota zizkietela ohartarazi zieten. Soilik Rafa plaza erabiltzen uzten zietela nabarmendu dute antolatzaileek. "Argudioa? Okupatu hitzak ilegaltasuna bultzatzen duela. Eta, noski, gu guztiz harrituta. Diotenez, euren zerbitzu juridikoen aholku bat da ekimena debekatzea".
Udal gobernuko kideekin izandako bileran "hiriarentzat ekitaldia ez zela" esan zietela azaldu dute antolatzaileek, eta enpresa pribatuek egiten duten espazio publikoaren erabilerarekin konparatu zituztela. Erabakia hartuta, negoaziaziorako bideak itxi zizkieten.
Jaialdiarekin aurrera
Debekurik onartuko ez dutela azaldu dute Okupatu Gasteiz ekinaldia antolatzen ibilitakoek, "eta erantzun bat emateko eguna" izango dela. "Ez dinamikak berak jasandako erasoarengatik, baizik eta zentsura politiko hau aurrekaritzat hartu daitekeelako beste herri-ekimen eta jaialdietan. Ez dugu onartuko".
Kultura eta kirol mundutik atxikimendu ugari jasotzen ari direla azaldu dute, eta jaialdia antolatzeko "indartsu" daudela. "Zaplasteko hau eta gero, indartuta atera gara, eguna aurrera ateratzeko gogotsu, eta beste hainbat kolektibotako jendea laguntzeko prest dugula".