Auzoko jaiak antolatzeko Gasteizko Udalak emandako diru-laguntzaren zati bat itzuli beharko du Judimendiko auzo elkarteak, 1.243 euro hain zuzen, jaietako aldizkarian hiru euskal presoren inguruko artikulu bat argitaratzeagatik. Udal gobernuak azaldu duenez, "terrorismoaren biktimentzat iraingarria zen artikulua aldizkarian argitaratuta, auzo elkarteak ez zituen bete diru-laguntza jasotzeko baldintzak".
Judimendiko auzo elkarteari diru-laguntza itzultzeko prozedura abiaraztea erabaki zuen udal gobernuak ekainaren 22an. Erabakia jakinarazi ondoren, auzo elkarteak alegazioak aurkeztu zituen, uztailaren 18an, eta "egoera berbideratzeko berehala abian jarritako ekintzen berri ematen zuen bertan". Alegazioak konuan hartu ditu udal gobernuak, eta diru-laguntza osoa itzuliarazi beharrean soilik zati bat itzultzeko eskatu dio, hain zuzen aldizkariaren kostuari dagokiona.
Polemika handia sortu zen iragan ekainean, Judimendiko jaien atarian, aipatu artikuluaren inguruan eta, ustez, hiru euskal presori omenaldi bat egiteko asmoa zegoelako. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Fiskaltzara jo eta diru-laguntza kentzeko mehatxua egin zuen; auzokideek ukatu zuten omenaldia egiteko asmoa zegoenik, eta adierazpen askatasuna defendatu zuten.