Judimendiko hiru presori –Diego Ugarte, Roberto Lebrero eta Xabi Agirre– ustez omenaldia egiteagatik, Fiskaltzara jo eta diru-laguntza kentzeko mehatxua egin du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak. Gainera, artikulu batean presoei "gorazarre" egiten dietela nabarmendu du. Auzokideek ukatu dute omenaldia dagoenik eta adierazpen askatasuna defendatu dute. Mehatxuengatik jaiak bertan behera geratzeko arriskua izan da, baina, azkenik aurrera egitea erabaki dute auzokideek.
Txosna batzordeko kideak, auzoko hainbat merkatari eta eragile, eta hainbat bizilagun gerturatu dira gaur goizean emandako prentsaurrekora, eta "asmo txarrez" sortutako polemika izan dela berretsi dute. Udalak, hedabide zenbaitek eta epaitegiek "artifizialki" sortutako kanpaina bat jarraitu dutela salatu dute "asmo txarreko berriak eta iritziak" emanez: "Urtaranek eta bere gobernu taldeak piromanoen antzera jokatu dute, guk sua San Joanak pizteko nahiago dugu". Urtaranek salatutako "omenaldirik" ez dagoela esan diote alkateari, eta ez dela egongo: "Ez dakigu itzulpen, irakurketa edota asmo okerreko emaitza izan ote den. Egitarauan ez dago presoei omenaldirik egiten dion ezer, eskura den kartelari erreparatzea baino ez dago". Auzoko jaiak "kriminalizatzeko" nahia salatu dute, eta jaietako batzordeak egiten duen lana defendatu.
Jaiak aurrera
Auzo elkarteari, bestalde, elkartasuna adierazi diote bizilagunek. "Gugatik urteko 365 egunetan ari da lanean eta lintxamendu mediatiko-instituzional onargaitza ari da jasaten". Auzo elkarteak presoen inguruko artikulua zuen aldizkaria kentzea erabaki du, eta bere erabakia errespetatzen duten arren, "errealitatea" zein den gogoratu nahi izan dute agerraldian bildutako auzokideek: "Judimendin arrazoi politikoengatik sakabanatuta dauden hiru auzokide falta dira. Eta errealitate hau ikusarazteko, beraien eskubideak aldarrikatzeko eta familiei elkartasuna adierazteko auzoko jaia erabili nahi duen jendea baldin badago, hau egiteko eskubide osoa du". Adierazpen askatasun ariketa bat dela gogoratu dute, "pertsona bakoitzak pairatzen duen saminari errespetu osoa adieraziz".
Mehatxuak mehatxu, jaiak izango direla berretsi dute, eta parte hartzeko deia egin diete herritarrei. "Herritik eta herriarentzat antolatzen direlako. Judimendi jairik gabe uzten saiatu dira, baina aurrera egitea erabaki dugu".