Correosen lan egiten zuen 39 urteko emakumea hil da Gasteizen, lan istripuan. Udaltzaingoak emaniko datuen arabera, postaren banaketa egiteko gidatzen zuen motorrak furgoneta baten kontra jo du asteartean eguerdian. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, ezbeharra 12:21ean gertatu da, Zuazobidea eta Zorrokieta kaleen arteko bidegurutzean, Jundizko industrialdean. Hainbat sindikatuk adierazi dutenez, hilabeteko kontratua zuen emakumeak.
Bestetik, igandean goizean lan istripu larria izan zuen Michelin enpresako langilea gaur hil da. Koma induzitua eragin zioten ospitalean, baina ezin izan du aurrera egin. Sindikatuek adierazi dutenez, egosketa-prentsa batean lan bat egitera zihoan gizona, hainbat metroko altueran. Plataforma igogailua prestatzen ari zela, harrapatuta geratu zen, makinaren eta hesi baten artean.
LAB sindikatuak salatu du azken bi urtetan, Michelinek Gasteizen duen lantegian gertatzen den laugarren heriotza dela: "Azkena 2017ko martxoan izan zen; Lan Ikuskaritzak enpresa behartu zuen gauez eta asteburuetan medikua bertan egotera, baina Michelinek ez du bete". Halaber, sindikatuaren arabera, kasu honetan, enpresaren barneko protokolo guztiek huts egin dute: "Atezaintzarekin telefonoz hitz egin ezinda enpresaren punta batetik bestera korrika ibili behar izanak asko atzeratu zuen interbentzioa. Halaber, desfibriladorea aurkitzeko zailtasunak zein berau erabiltzen zekien langile trebaturik ez aurkitzeak ere eragina izan du" azpimarratu dute.