Hil da Michelin enpresan lan istripua izan zuen langilea

Erredakzioa 2018ko abu. 28a, 13:48

Gasteizko Michelin lantegian jazo da lan istripu larria. ALEA

Antonio Miguel Parra 43 urteko langilea hil da; makina eta hesi baten artean harrapatuta geratu zen igandean, Michelin enpresan.

Igandean goizean lan istripu larria izan zuen Michelin enpresako langilea gaur hil da. Koma induzitua eragin zioten ospitalean, baina ezin izan du aurrera egin. 43 urteko Antonio Miguel Parra da lan istripuen azken biktima.

Sindikatuek adierazi dutenez, egosketa-prentsa batean lan bat egitera zihoan gizona, hainbat metroko altueran. Plataforma igogailua prestatzen ari zela, harrapatuta geratu zen, makinaren eta hesi baten artean. ESKk azaldu duenez, "istripuaren tokia estua eta maniobratzeko zaila da". Sindikatuko hainbat ordezkari "segituan" bertaratu ziren, eta gertatutakoa ikertzen hasi ziren. Langileen ordezkarien esanetan, bihar bilduko dira enpresarekin, "istripua eragin zuten arrazoiak argitzeaz gain, beharrezkoak diren neurri prebentiboak hartzeko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago