Ertzaintzak 42 urteko gizon bat atxilotu du gaur, Gasteizen, bikotekideari labana batekin eta botila batekin eraso egiteagatik. Buruan eta bularrean zauri larriak eragin dizkio erasotzaileak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Atxilotu duten gizona etxeko balkoitik ihes egiten saiatu da, baina lehen solairutik behera erori da.
09:00ak aldera, herritar baten deia jaso du Ertzaintzak, alboko etxe batean oihuak eta kolpeak entzun dituela ohartaraziz. Ertzainak iritsi direnean ikusi dute bi hankak zaurituta zituen gizon bat kale erdian etzanda zegoela. Halaber, bikotearen etxean sartu diren poliziak buruan eta bularrean zauri larriak zituen emakume bat aurkitu dute, odoletan zegoela.
Bikotekideak labana batekin eta botila batekin eraso egin diola azaldu die emakumeak ertzainei. Emakumea anbulantzian eraman dute Txagorritxuko ospitalera, eta medikuek artatu ostean, salaketa jarri du bikotekidearen aurka. Gizona atxilotuta dago.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.