Gasteizko Udaltzaingoak bi gizon atxilotu ditu asteburuon, genero indarkeria delituak leporatuta. Lehenbiziko atxiloketa ostiralean izan zen. Emakume batek salaketa jarri zuen polizia-etxean; haren esanetan, etxera itzuli zenean, Aranbizkarra auzoko bere etxeko eskailburuan bikotea aurkitu zuen. Gizonak, hitzik esan gabe, bi kolpe eman zizkion aurpegian, hiletik tiratu zion, eta lurrera bota zuen. Poliziek emakumea lagundu zuten ospitalera, eta gizona atxilotu zuten.
Halaber, igandean goizean 092 telefonora egindako dei batek ohartarazi zuen Fernandez de Lezeta kaleko taberna batean liskar handia gertatzen ari zela, eta gizon batek emakume bat hiletik arrastaka eraman zuela taberna barruraino. Poliziak bertara joan zirenean emakumeak adierazi zien erasotzailea bere bikotea zela, eta gainera, zauriak eta lesioak zituen aurpegian, besoetan eta belaunetan. Gizonak ukatu egin zuen bikotea erasotu egin zuela, eta emakumeak lehenengoan esandakoa ere ukatu zuen. Alta, udaltzainek gizona atxilotu zuten genero indarkeriagatik.