ESK sindikatuak salatu du lan istripua, eta azaldu du koma induzitua eragin diotela langileari ospitalean, eta oso larri dagoela. Zentralak eman dituen datuen arabera, igandean 09:30ean gertatu zen ezbeharra, eta CGN tailerreko mantentze-taldeko 43 urteko langilea da biktima.
Egosketa-prentsa batean lan bat egitera zihoan gizona, hainbat metroko altueran. Plataforma igogailua prestatzen ari zela, harrapatuta geratu zen, makinaren eta hesi baten artean. ESKk azaldu duenez, "istripuaren tokia estua eta maniobratzeko zaila da". ESKko hainbat ordezkari "segituan" bertaratu ziren, eta gertatutakoa ikertzen hasi ziren. Langileen ordezkarien esanetan, bihar bilduko dira enpresarekin, "istripua eragin zuten arrazoiak argitzeaz gain, beharrezkoak diren neurri prebentiboak hartzeko".