Estatu kolpe frankistaren 82. urtemugan, EH Bildu, Ahal Dugu-Podemos, Ezker Anitza eta Equo-Berdeak talde politikoek egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu dituzte, eta frankismoaren krimenen inguruko "inpunitatea" salatu dute. Lau alderdiek omenaldi-ekitaldi bat egin dute Agirre Lehendakariaren plazan inauguratu berri den monolitoan. Arratsaldean, 20.00etan, Katedral berriaren aurrean, 'Iragana gogoan, Araba berria eraiki. Contra la impunidad franquista: verdad, justicia y reparación' lelopean kontzentrazio bat deitu dute.
Ezberdinen arteko eta herri bultzadaren ondoren, sortutako borondate errepublikanoak ordezkatzen dituzten baloreak berretsi dituzte alderdi politikoek: "Estatu kolpe frankistak eta diktadurak zapuztu zuten jendarte justuagoa eraikitzen hasi zirenen lekukoa hartu nahi dugu. Askatasunarekin amets egin zuten, gizon eta emakumezkoen arteko berdintasunaren aldeko jendarte baten zimenduak jarri zituzten, hezkuntza publikoa, eskubide sozialak, Estatuaren eta Eliza katolikoaren arteko banaketa, eta elkartasunaren alde lan egin zuten...Gaur egun, balore horiek indarrean daude" azpimarratu dute ekitaldian.