Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri osoan egingo den Euskaraldia ekimena bultzatuko duten taldeak pixkanaka ezagutarazten ari dira. Gaur goizean Gasteizen txanda izan da. Hauek dira, hain zuzen, hiriburuan ahobizi edo belarriprest gisa arituko diren lehenengo lagunak: Edurne Parro (Aenkomer), Itziar Azpeitia (kazetaria), Iñaki Garmendia (EGA Master), Paul Urkijo (zinemagilea), Martin Agirregabiria (Alaves), Carlos Villalba (erretiratua), Karmele Jaio (idazlea), Marina Sagastizabal (Mugimendu Feminista), Natasha Rueda (Goian Elkartea), Gorka Ortiz de Urbina (Zeledon) eta Askoa Etxebarrieta "La Pulga" (artista).
Euskaraldia, 11 egun euskaraz
Euskaraldia hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa soziala izango da. Horretarako, hamaika egunez, bi rol izango dira aukeran: Ahobizi (Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet) eta Belarriprest (egidazu euskaraz, nik ulertzen dut).
Ekimenean izena emateko epea irailarean 20an zabalduko da, eta 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute.
Bitartean, auzoz auzo eta hainbat enpresa eta entitatetan batzordeak eratzen ari dira, herriko eragile eta euskaltzaleekin batera, ekimenaren inguruko informazioa zabaltzeko eta inguruan Ahobizi eta Belarriprest berriak aktibatzeko.
Gasteizko Euskaraldiak batzorde hauetan parte hartzeko gonbita luzatu nahi die herritar guztiei.
Informazio gehiago: gasteiz.euskaraldia.eus