Gasteizko kaleetako garbiketa eta zabor-bilketako langileen batzordeak bertan behera utzi du atzo hastekoa zen greba; ostegunean egingo dute batzarra langileek azken erabakia hartzeko. Juan Carlos Mateos batzordeko presidenteak azaldu duenez, greba bertan behera uzteko erabakia udal gobernuaren "konpromisoagatik" hartu dute, hau da, "egungo kontratuari egun gutxi falta zaizkiola" eta Udalak kontratua indargabetzeko prozesua hasi duela.
Hemendik aurrera, udal gobernuak adierazi duenez, bi aukera daude, lehiaketa berri bat zabaltzea garbiketa zerbitzuaren kontratua beste enpresa bati emateko, edo zuzeneko kudeaketa egitea.