Berriztu mugimenduak Armentia-2 putzuaren aurkako alegazio kanpaina abiatu du

Erredakzioa 2018ko ekainaren 19a

Fracking-aren aurkako mugimenduak sinadura bilketa egingo du. / Alea

Hilaren 27ra bitartean egitasmoaren aurkako sinadura bilketa egingo dute. Gasteizko Udalari eskatu diote eremuaren babes egoera mantentzeko.

Subilla Gasteizen fracking-aren bitartez gasa erauzteko SHESA Euskadiko Hidrokarburoen Sozietateak zulatu nahi duen putzuaren aurkako alegazioak aurkezteko dituela iragarri du Berriztu mugimenduak.

Joan den ostiralean Estatuko Aldizkari Ofizialean eman zuten proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren azterketaren berri, eta, legeak agindu bezala, azterketa horren aurkako alegazioak aurkezteko epea irekita dago, beraz. Horregatik, herri mugimenduak sinadura bilketa kanpaina hasiko du, fracking-a erabiliko lukeen egitasmo horren aurkako “herri alegazioak” aurkezteko. Gaur hasi eta hilaren 27ra bitartean egingo dute sinadura bilketa.

Gaur goizean egindako agerraldi batean herri mugimenduko kideek salatu dute Jaurlaritzaren gogoa “euskal lurraldeak putzuz betetzea” dela. Putzua egin behar den ingurua babestuta dagoela gogoratu dute, eta, Gasteizko Udalari eskatu diote egoera hori mantentzeko.

Erantsi dute gasa erauzteko AEB Ameriketako Estatu Batuetan erabiltzen den eredu berdina jarraitu beharko litzatekeela, hots, “milaka putzu” zulatu beharko liratekeela. Fracking-ean urarekin batera produktu kutsakorrak erabiltzen direla esan dute, eta horiek azpiko akuiferora iristeko arriskua dagoela uste dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago