Asko dira, asko gara, gure herrian euskararen aldeko aldarria lau haizetara zabaltzen izan garen herritarrak. Ikastolen sorreratik, gau eskolen sorrera eta eskola publikoaren euskalduntzetik, komunikabide propioen sorrera eta zabalpenera.
Araba Euskaraz bada lan horren adibide, urtez urte milaka euskaltzale batu eta giro onean gure herrian euskaraz ikasteari bultzada emanez. Aurten berezia izango da, euskara normalizatzeko orduan zailtasun handiak dauden lurraldean kokatuta baitago Argantzun ikastola.
Euskara ikastea garrantzi handiko gaia da. Ezagutzak gorakada erraldoia eman du azken urteetan, bereziki hainbat eta hainbat belaunaldi eskoletan euskaldunduak izan garelako, euskara jakin gabe ere beren haurrei ikasteko aukera eman dieten gurasoei eta baita euskaltegietan euskaldunduak izan diren milaka herritarrei esker ere. Ezagutzak, ordea, ez du erabilera bermatzen. Ezagutzan eman den gorakada erraldoiak ez du erabileran isla izan.
Euskararen alde egotetik euskaraz egitera egin beharreko urratsa ezinbestekoa izango da gure hizkuntzaren normalizazioaren bidean. Horretarako, egunerokotasunean gure hizkuntza ohiturak aldatzen hasi behar gara. Aurreiritziak eta inertziak bultzatuta, askotan, erdaraz egiten dugulako ezezagunekin ere.
Arabari erreparatuta, errealitate oso ezberdinak topa ditzakegun arren, herritarren erdiak ulertzen du euskara. Pentsatzen duguna baino askoz gehiago da; bi herritarretik batek ulertuko dizu euskaraz egiterakoan, eta asko euskaraz entzuteko eta egiteko irrikan gaude! Araban euskarak izan duen aurrerakada ez da beste inon eman, gogora dezagun nondik gatozen, ikus dezagun non gauden eta sinistu dezagun arabarrok euskararen etorkizuneko erabileran dugun ahalmena, erronka polita dugu aurrean!
Aukera polita izango dugu azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den Euskaraldia ariketa sozialean. Ahobizi edo Belarriprest rolak hartuta, ingurua euskalduntzeari ekingo diogu Euskal Herri osoan. Izen ematea irailean hasiko bada ere, badugu lana Euskaraldia ekimenaren berri ematen. Ingurukoei azalduz, euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzen, eta aldarrikapenetik egikaritzera pasatzen.
Gonbitea luzatu nahi dizugu zeu ere honen parte izan zaitezen, zure ingurua aktibatu eta ahalik eta euskaldun gehienak eman dezagun izena ariketa honetan. Euskararen alde egotetik, euskaraz egiten hastera baita egungo erronka. Euskaraz eta euskararekin mundu bat irabazten dugulako, gure mundua hain zuzen ere. Animatu!