Euskaraldiari atxikimendua eman diote hainbat entitatek

Esti Lanao 2018ko mai. 31a, 12:53

Entitate desberdinetako ordezkariak, Oihaneder Euskararen Etxean.

Dagoeneko Euskal Herri osoko 350 herritik gora eman dute izena, eta entitateen artean 70 baino gehiago zenbatu daitezke.

Oihaneder Euskararen Etxean agerraldia egin dute Euskaraldia: 11 Egun Euskaraz ariketa sozialari atxikimendua eman dioten 70 bat entitateetatik 55 ordezkarik baino gehiagok.

Hala, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek konpromisoaren garrantzia azpimarratu du: "Hiztunak aktibatzeko aliatuak behar ditugu, eta gaur gurekin dauden entitateek norabide horretan lagunduko gaituzte". Izan ere, herritarren bizitzari lotuta dauden entitate eta erakunde publikoak dira atxikimenduan parte hartu dutenak. 

Era berean, Euskaraldia aurrera eramateko gakoak, besteak beste, ekimenaren zabalkundea egitea, kideak aktibatzea eta ariketa egiteko baliabideak eskaintzea direla adierazi du Euskaltzaleen Topaguneko kidea eta Euskaraldiaren koordinatzaile Arrate Illarok.

Euskararen erabilerari dagokionez, Euskaraldian parte hartzeko Euskal Herri osoko 350 herritik gora eman dute izena, eta entitateen artean 70 baino gehiago zenbatu daitezke; tartean, Mutualia, Fagor Taldea, Emakunde edo Hizkuntz Eskubideen Behatokia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago