Ozen entzun da Gasteizen eskola publikoaren aldeko aldarria

Erredakzioa 2018ko mai. 26a, 08:00
Kutxekin irudikatu dute euskal eskola publikoa. / Eider Villa

Manifestazio baten bitartez, hiriko eskoletan bizi den segregazioari aurre egiteko neurriak eskatu dizkiote Jaurlaritzari.

Eskola segregazioaren aurkako aldarrikapenak Gasteizko kaleak hartu ditu. Izan ere, Ehunka gasteiztarrek parte hartu zuten atzo hezkuntza eredu inklusibo baten aldeko martxa batean, Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak egindako deialdiari erantzunez. 60 elkartek baino gehiagok bat egin dute martxarekin. Bertan salatu dute euskal eskola publikoan bizi den segregazioa, eta egoerari aurre egiteko neurriak exijitu dizkiote Hezkuntza Sailari.

Hiru zutabetan abiatu dira manifestariak, Merkatu eta San Anton plazetatik, eta Prado parketik. Hiru zutabeek bat egin dute Andra Maria Zuriaren plazan, eta bertan irudikatu dute gaur egungo eredutik oso urrun dagoen eskola bat. Adreiluak balira bezala, kartoizko kutxekin osatu dute "guztion eskola" izan behar duen ikastetxea. Ikasleek hainbat mezu idatzi dituzte bertan; "inklusiboa", "plurala", "kalitatezkoa" edota "alaia" dira kutxetan irakurri ahal izan diren desiotako batzuk, Jaurlaritzako agintariek irakurriko dituztelakoan.

Eusko Jaurlaritza izan da, hain zuzen, manifestarien jomuga: agintariei leporatu diete ikastetxeetan bizi den segregazio egoeraren aurka ez aritzea eta diru publikoarekin ikastetxe "elitistei" laguntza ematea. Horregatik, neurri zehatzak eskatu dituzte. Besteak beste, eskoletan izena emateko udal bulego bakarrak sortzea, Jaurlaritzak finantzatutako ikastetxe guztietan benetako doakotasuna eta heziketa laikoa jasotzeko eskubideak bermatzea edota segregazio egoeran dauden ikastetxeetan egoera arintzeko neurriak abiatzea.

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko bozeramaile Maribel Lopez de Luzuriagak Gasteizko ikastetxeetan bizi den egoera azaldu du aste honetako ALEAn. Datu esanguratsuak eman ditu. Gasteizen etorkinen %92 eskola publikoan daude, eta %8 sare kontzertatuan. 19 ikastetxetan atzerritar jatorriko ikasleen kopurua %30etik gorakoa dela ere esan du, baina itunpekoen sarean eskola bakar batek gainditzen duela %10a. "Adituek esaten dute integraziorako ezin dela inolaz ere %15eko muga gainditu", hortik gora ghettizazioa hasten dela argitu du Lopez de Luzuriagak. Erantsi du eskolek inguruko errealitatearen isla izan behar dutela, baina ez omen da horrela: "ikasgela artifizialak eraikitzen ari dira eta, ondorioz, bertakoek ere ihes egiten dute".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide