"Baliabide eskaseko harrera-gune bilakatu dira eskola batzuk"

Anakoz Amenabar 2018ko mai. 24a, 10:26
Maribel Lopez de Luzuriaga, Ramon Bajo eskolan. / A. Martinez de Luna

"Segregazioarekin amaitzeko neurriak jarri" eta "zubiak eraikitzeko" garaia dela uste du Euskal Eskola Publikoaren Aldeko bozeramaile Maribel Lopez de Luzuriagak. 

Gasteizko eskola bakoitzak adreilu bana jarriko du ostiral honetan, Andre Mari Zuriaren plazan, Euskal Eskola Publikoa eraikitzeko. "Denona eta denontzako" izan behar duela irudikatu nahi dute modu honetara, 18:30ean, hiriko gune desberdinetatik helduko diren ikasle, irakasle eta gurasoek. Eskola segregazioarekin amaitzeko deia egingo dute, eta "berehalako neurriak" hartzeko eskatuko dute manifestazioarekin bat egin duten 50 eragilek baino gehiagok.    

Eskola segregazioaren auzia kalera aterako duzue ostiralean. Zer dela eta? 

Aspalditik dator segregazioa, politika kaxkarrak egin dituztelako, eta duela bi urte planto egitea erabaki zuten ama batzuek. Manifestu bat atera eta atxikimendu handia izan zuen; nolabait hautsak harrotu zituen, estalita zegoena altxatu zuten. Egoera hori ukatzen zuten politikari askok onartu zuten gertatzen zela, baina onartzeaz gain ez dugu beste ezer ikusi. Ez da ezer aldatu, datuek hori erakusten dute, segregazioa Gasteizen ikaragarria da eta egoera latza. Kalera ateratzeko momentua dela uste dugu. 

Datorren ikasturteari begira, joera berdina da? Ez da neurririk hartu?

Datuek hor jarraitzen dute. Gasteizen etorkinen %92 eskola publikoan daude, eta %8 sare kontzertatuan. Epez kanpoko matrikulak begiratuz gero, eskola publiko askotan bost ikasle etorri-berri izan dira aurten, gela bakoitzeko, eta hori ezin da onartu.

Nolakoa da egunerokoa eskola horietan? 

Ahal dutena egiten ari dira. Irakasle horiek sekulako ardura eta lana hartzen ari dira bere gainean; laguntzak ez dira behar dituztenak, eta hori eskatzen dugu. Hasteko, eskola horietan etorri-berri gehiago ez egotea, batzuentzat hizkuntza eta emigrazio prozesua oso gogorra delako, eta baliabiderik gabe ezin delako kudeatu 10 etorri-berri dituen 25 umeko gela bat. Eskola batzuk baliabide eskaseko harrera-gune bilakatzen ari dira, eta horrela ezinezkoa da kalitatezko hezkuntza bat eskaintzea.   

Eskoletan izena emateko udal bulego bakarra jartzea eskatzen duzue.  

Dena kudeatuko duen udal bulego bat, eta ikasleak banatuko dituena; hainbatetan ikusi dugu hainbat familiari trabak jarri dizkietela eskola batzuetan izena emateko, kuotak direla, erlijioa dela... Bulego horrekin ikusiko genuke zein ikastetxek hartzen duen ardura eta zeinek ez.

Udalak babesa eman dio proposamen horri?

Askotariko eragileen arteko mahai bat osatu zen, eta hainbat neurri adostu ziren, baina ez dakigu dokumentu horrekin zer egiten ari den Udala. Hainbat erabaki hartu ziren, baita kontzertatuetako partaideekin ere, eta ez zen erraza izan adostasun batera iristea. Duela urtebete izan zen hori.

Zer beste neurri eskatzen duzue?

Diru publikoarekin finantzatutako ikastetxe guztien benetako doakotasuna; legeak dio derrigorrezko hezkuntza doakoa dela, eta gaur egun ez da hala. Beste alde batetik, hezkuntza-sare guztietan heziketa laikoa jasotzeko eskubidea bermatzea; hori ere ez dira betetzen ari. Eta aurrekoekin batera, segregazio egoeran dauden ikastetxeetan egitasmo bereziak abiaraztea, epe laburrean egoerari buelta emateko. 

Publikoan bertan badago alderik, batetik bestera?

Bai, eskola publiko batzuetan etorkin kopurua %50etik gorakoa da, eta beste batzuetan txikiagoa, baina hori ere politiken ondorio bat da, eta hizkuntza ereduek ere izan dute zerikusirik; lehenengo segregazioa pairatzen hasi ziren eskolak A eredukoak izan ziren, gero B, eta gaur egun D ereduko ikastetxe asko dago egoera txarrean. Auzo bakoitzean erabaki dute eskola batzuk sakrifikatzea eta beste batzuk mantendu dituzte, eta hori Arabako hezkuntza delegaritzaren politika baten ondorio da. Zentro bat sakrifikatzeak esan nahi du umeak, irakasleak eta hezkuntza proiektu bat sakrifikatzea. 19 ikastetxetan atzerritar jatorriko ikasleen kopurua %30etik gorakoa da, eta, aldiz, itunpekoen sarean eskola bakar batek gainditzen du %10a. Adituek esaten dute, batetik, integraziorako ezin dela inolaz ere %15eko muga gainditu, hortik gora ghettizazioa hasten dela, eta, bestetik, eskolek izan behar dutela inguruko errealitatearen isla, ezin dela inolaz ere auzoaren proportzioa gainditu; Gasteizen, Errota da etorkin gehien duen auzoa eta ez da %20ra iristen, beraz, ez dira errealitatearen isla, ikasgela artifizialak eraikitzen ari dira eta, ondorioz, bertakoek ere ihes egiten dute. Bi ikastola daude Gasteizen, Olabide eta Armentia, eta esanguratsua da datua: atzerritar jatorriko bi ume daude. 

Nori zuzenduko dizkiozue ostiraleko aldarriak?

Gobernuei. Ardura dutenei nahikoa dela esateko mobilizatuko gara. Eskolak finantzatu behar dira diru publikoz hartzen duten erantzukizun publikoaren neurrian, eta hainbat politika aldatuta gauza asko aldatuko lirateke. Momentu honetan ez dago segregaziorik Jaurlaritzarentzat, hitz hori bera ere ez du inoiz aipatu, eta beste hainbatekin mozorrotu du. Baina hainbat herritan ematen ari den arazoa da, eta aurre egin beharko dio noizbait. 

Zein interes izan daiteke egoera honi eusteko?

Susmoa da publikoa dena bilakatu nahi dutela zerbait asistentziala eta ez dutela benetan jartzen behar duen tokian; publikoak ardatza izan behar du, bakarra delako denona eta denontzat. Gaur egun, eta dituzten baldintzak baldintza, bakarra da publikoa aniztasuna bizi, kudeatu eta hortaz aberasten dena, eta, gainera, doakotasuna bermatzen duena. Diru asko ematen dute halako beharrak asetzen ez dituzten beste hezkuntza proiektu batzuentzako, eta pixkanaka pixkanaka publikoarekin amaituko dute. Politiken ondorioa da, politika neoliberalen ondorio; merkeago zaie pribatua diruz laguntzea, familiek ordaintzen dutelako kuota, eta azkenean azpikontratazio bat da, horregatik zerbitzu publikoen kontra zerbitzu  pribatuak indartzen dira.

Epe motzera, aldaketarik sumatzen duzue?

Gasteiztik atera den mugimendu hau EAEra zabaltzen ari da, eta ez da egoera erosoa gobernuarentzat. Egoerak horrela jarraituz gero mobilizazioak aurreikusten dira hurrengo ikasturterako, egoera jasangaitza delako leku askotan. Hau da nahi dugun gizarte eredua? Bi kasta banatzea? Dirua nahikoa dutenak eta RGIa kobratu nahi dutenak. Planto egiteko eta mobilizatzeko garaia iritsi da, eta horregatik herritar guztiak deitu nahi ditugu ostiraleko manifestaziora, publiko zein itunpeko ikastetxeetako lagunak, guztion artean aurre egin beharko diogulako arazo honi.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide