Ekainaren 10eko giza katea gero eta hurbilago dagoen honetan, Gasteizko Gure Esku Dago ekimenak ekitaldi sorta prestatu du larunbaterako, egitasmoaren nondik-norakoak plazaratu aldera.
Batetik, larunbat goizean mahai informatiboak jarriko dituzte Andre Maria Zurian eta Urrezko Zeledonen plazan. Bertan, ekainaren 10eko giza kateari buruzko informazioa zabalduko dute; giza katean izena emateko ere baliatu daitezke mahai horiek, eta ekimeneko bereizgarri izango den zapia bertan eskuratu ahal izango da.
Horrez gain, kale animazioa ere prestatu dute. Informazio mahaiak ordu biak arte mantenduko dituzten arren, 12:30etik aurrera Alde Zaharrerantz abiatuko dira, kalejiran. Eguerdiko ordu batean Buruileria plazan ekitaldi txiki bat egingo dute, Klik egunaren esanahia azaltzeko.
Modu horretan, herritarren artean erabakitze eskubidearen alde orain arte bildu dituzten arrazoiak gizarteratuko dituzte. Herritarron Ituna izeneko agiri batean jaso dituzte arrazoi horiek, eta ekainaren 10ean Legebiltzarrean aurkezteko asmoa dute. Hortik aurrera, hainbat eragilerekin Euskal Herri mailako herri-ituna adostu nahi dute, "erabaki oro herritarron esku" jarriko duen hitzarmena osatzeko, ekimeneko eledunen hitzetan.