Eskoriatza Eskibelen topatutako fuel-oil biltegia dela eta, Gasteizko Kafe Antzokia eta Euskararen Etxea egitasmoak Ruiz de Bergaratarren jauregian kokatzeko aukera proposatu zuen pasa den astean Gorka Urtaran alkateak. Proposamenak, dagoeneko, izan du Lazarraga Kultur Elkartearen erantzuna.
Udal gobernutik iritsitako alternatiba "sakonki" aztertzeko konpromiso "irmoa" hartuko duela jakinarazi du, espazioa berraztertzeko eta proiektuaren beharren araberako doikuntza aukerak behar bezala baloratzeko "beharrezkoa" duen denbora hartuz. Horrekin batera, Elkargunean elkarteak egindako proposamena kontuan har dezala eskatu dio udal gobernuari: Eskoriatza Eskibel etxadirako aurreikusitako proiektuan fase aldaketa egitea.
Euskararen Etxea, lehenengo
Batzar horretan, Ruiz de Bergara jauregia mahai-gaineratuko zela jakin aurretik, Lazarragak eskatu zuen Euskararen Etxea izango litzatekeen Eskoriatza Eskibel jauregiarekin hastea, eta Kafe Antzokia bigarren fase batean egitean. Horren harira, honakoa aipatu du elkarteak: "Proposamen horrekin fuel oil deposituaren aurkikuntzak suposatuko dituen atzerapenei aurre egingo zaio, eta Euskararen Etxearen garapenean aurrera egiteko irtenbide egokia ikusten dugu".
Bien bitartean, dena dela, egitasmoaren izaera juridikoa, kudeaketa plana eta diru iturriak guztiz zehazteko eta gauzatzeko bermeak ziurtatu ditzatela eskatu du Lazarragak; izan ere, "egitasmoaren bideragarritasun planak proiektu arkitektonikoaren pareko garrantzia du; biak batera landu behar dira elkarren osagarri direlako", nabarmendu du.
Amaitu aurretik, proiektuaren osotasuna kontuan hartzen duen egitasmoari "behingoan berme osoz heltzeko ordua" dela azpimarratu nahi izan dute.