2016ko uztailean egungo Udal Gobernuak Gasteizko Kafe Antzokia eta Oihaneder Euskararen Etxea proiektua Eskoriatza-Eskibel jauregiaren etxadian gauzatzea proposatu zuen. Hasiera batetik, kokapen horrek zenbait zalantza sortu zituen hiriko eragile ezberdinen artean, besteak beste, Auzolana pilotalekua eraistea eragin zezakeelako.
Iragan abenduan Gorka Urtaran alkateak Auzolana pilotalekua dagoenetan mantentzeko konpromisoa adierazi zuen, eta, eragozpen hori gaindituta, Kafe Antzokiaren proiektua abiarazteko neurriak azaldu zituen.
Adierazitakoaren arabera, lehen fasea indusketa arkeologiko lanak egitea litzateke, hiru hilabeteko epean burutu beharrekoa. Epe hori gaindituta, euskalgintzako eragile ezberdinek salatu egin zuten indusketa lanak hasita ere ez zeudela eta agindutako kronograma bete gabe, Kafe Antzokiaren proiektua aurten martxan jartzeko epeak agortzen hasiak zirela.
Duela hilabete jakinarazi zuen Udalak indusketa lanei ekin aurretik burututako zundaketa lanetan, fuel-olio deposito bat antzeman zela eta horrek eragin duela lan guztien atzerapena.
Jakinarazi dutenez, aipatutako depositoaren %80 dago beteta eta zenbait lan egin beharko dira inguru guztia garbitu ahal izateko. Egoera horrek traba gehiago ekarriko lituzke lan arkeologikoak egiteko, eta proiektua garatzeko hasiera batean aurreikusitako epeak betetzea ezinezko litzateke.
Kokapen berria
Egoera berri honen aurrean, gaur arratsaldez Gorka Urtaran alkateak Elkargunearen bileran Ruiz de Bergara jauregia erabiltzeko proposamena luzatu die euskalgintzako eragileei. Bere esanetan, kokapen hau "bideragarria" litzateke, "eta proiektua garatu ahal izateko beharrezko baldintzak betetzen ditu". Bertan kokatuko lirateke Kafe Antzokiaren proiektuak aurreikusten dituen kontzertu aretoa, bulego ezberdinak, etabar.
Ruiz de Bergara jauregia Errementari kaleko 32. zenbakian kokatuta dago eta Udalaren jabetzakoa da; 1.300 metro koadro ditu lau solairutan banatuta, eta urte ugari erabilerarik izan gabe badarama ere, barne egituran eta teilatuan konpoketa lanak egin dira azken urteetan.