Gasteiz Antzokia eraiki aurreko azterlan arkeologikoek hiru hilabete iraungo zutela iragarri zuen Gorka Urtaran alkateak abenduan, baina atzerapena izango dute lanek.
Udaletik jakinarazi dutenez, fuel-olio astunez betetako depositu bat egon daiteke lorategian. "Gasteizko Udalak susmatzen du aipatutako sustantzia izan dezakeela barruan, eta pilotalekuko edo garai bateko ostatuko berokuntza sistemarako erabiliko zela. Ustekabea izan da aurkikuntza, ez baitzen plano eta agirietan agertzen, eta azterlan arkeologikoa egitea eragozten du".
Jakinarazi dutenez, Udalak zenbait lan egingo ditu ezer erabaki aurretik. Lehenengo, aurkitu den osagaiaren kopurua aztertuko dute, eta horrek duen garrantzia. Deposituaren edukia ateratzeko, enpresa espezializatu bat kontratatu beharko dute: fuel-olioa berotuz likidotuko da, eta ondoren bertatik aterako dute. Horretaz gain, baliteke inguruan kutsatutakoa ere garbitu behar izatea, eta horrek traba gehiago ekarriko lituzke lan arkeologikoak egiteko, eta proiektua garatzeko hasiera batean aurreikusitako epeak luzatuko du.