Hilaren 15etik 22ra bitartean, 50 kultur ekimenetik gora egingo dira Gasteizko Judimendi auzoan. Igandean bertan, Artearen Nazioarteko Egunean, artea kalera aterako dute. Besteak beste, JotaFa taldearen kalejira; Lumen eta Fast taldeen kontzertuak; Fast grafitigilearen emanaldia; Beatriz Perales, Marina Suárez eta Sara Berasaluce artistek arte hibridazio saioa izango dira. Horrez gain, auzoko artistek beraien areto eta estudioak zabaldu dituzte; Txaro Arrazola, Ines Gonzalez de Zarate, Eduardo Alsasua, Natalia Albeniz eta Irantzu Lekuek parte hartuko dute 18:30ean, Sefarad Plazatik aterako den ekimenean.
Baina igandeko jardueretaz gain aste osorako ekimenak prestatu dituzte Judimendin. Tartean, sakelekoekiko dependentzia salatzeko zoombie zita antolatu dute EonCult elkartetik, sormen idazketa tailerrak, abesbatzekin hitzordua, auzoko nagusiekin ibilbide kulturala auzoko gune esanguratsuenak ezagutzeko, AEK-k antolatutako txiste txapelketa, Vasco Navarro trenaren inguruko dokumentala, Ahoz aho horma irudi parte hartzailea edo sukaldaritza beganoa ezagutzera emateko tailerrak antolatu dituzte, hitzaldi, kontzertu edo poesia emanaldiekin batera.
Esan bezala, jaialdian datozen hilabeteotan garatuko diren proiektuak ere aurkeztuko dira; tartean, Harrikada!, Ozetako GaraiONen egingo den Arabako musika elektronikoaren eta arteen jaialdia, Cristina Bereciartuaren Xuxurlatuz-Gasteiz Oroimenak proiektua edo Mario Paniego (Amurrio, 1978) artistaren ARTgia beka.