Sugarra piztu nahi dute

Erredakzioa 2018ko mar. 20a, 18:43
ARTgia gunean aurkeztu dute egitasmoa. / Sugar Fest

Judimendi "sormenerako auzo" bilakatzea dute helburu; auzokideen arteko esperientziak eta sorkuntzak batuta prestatuko dute Sugar Fest jaialdia, apirilaren 15etik 22ra bitartean.

Nazioarteko Artearen Egunarekin batera, apirilaren 15ean, sugarra piztu nahi dute Gasteizko Judimendi auzoan. Sormenerako auzo bilakatu nahi dute, herri kudeaketatik sortutako esperientzia-laborategi moduan. "Auzoak behar duen errehabilitazio prozesua bururaino eramateko tresna izateko jaio gara, etorkizunean nahi dugun auzoarekin amesten dugulako, auzo bizia nahi dugulako, kultura eta sormenetik eragingo duena", azaldu du Sugar Kultur Fest ekimeneko sustatzaile Asier Balzak.

Judimendi auzoa ikusarazteko, auzo sortzaile izateko lehendabiziko pausoa izango da Sugar Fest jaialdia, joan den urritik garatzen ari diren lanaren ondorio. Guztira, 30 kolektibok baino gehiagok hartu dute parte; besteak beste,  auzo elkarteak, gizarte etxeak, AEK euskaltegiak, elizak, Sumendi espazioko kideek, ARTgia sorgune eta aretoak eta auzoko artistek bat egin dute ekinaldiarekin. "Egitarauari auzo izaera eman nahi izan diogu, eraldaketak ikusarazteko asmoz batetik, eta hurbileko ekonomiak sustatzeko gai garela erakusteko, beste alde batetik".  

Antzeko esperientziak badira Bartzelonan, Lisboan edota Madrilen, eta horietatik ikasi nahi dute Judimendin abian jartzeko. Horietatik abiatuta, lankidetza esparruen garapenaren aldeko apustua egiten duen egitasmo kultural berri bat sortu nahi dute, azaldu dutenez, "sinergia sortuz, elkarri babesa emanez eta ezagutza elkartrukatuz".

Egitaraua prestatzen

Apirilaren 15ean hasi eta 22an bukatuko da Sugar Kultur Festa.  Eta honetan parte hartu nahi dutenei eurekin harremenetan jartzeko eskatu diete, labo@sugarfest.eus helbidearen bitartez. "Egitaraua ez dago oraindik itxita eta badakigu sarritan oso zaila dela proiektuak ikusaraztea; horrekin parte hartu nahi dutenei gurekin harremanetan jartzera animatu nahi ditugu", azaldu dute.

Suarekin lotu dute sustatzaileek egitasmoa, auzoari izaera ematen dion elementu gisa. "Sua pizten duena txinparta bat da, eta Judimendi kulturatik eta artetik piztu nahi dugu", azpimarratu du Balzak. Sugar Kultur Fest jaialdia, izan ere, Judimendin eman beharreko prozesu "askoz sakon eta zabalago" baten lehen mugarria dela nabarmendu dute, egitasmo zabalago baten hasiera baino ez

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide