"Egunero bizipoza mantentzeko ohitura hartu dut Mexikon"

Saioa Fdz. de Arangiz 2018ko api. 11a, 14:01

Maddalen Gil gasteiztarra Mondragon Mexico unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko zuzendaria da, Mexikon. AleaFMn bere esperientziaren berri eman digu.

2016ko urtarrilean abiatu zen Maddalen Gil Lopez de la Calle gasteiztarra Mexikoko Queretaro hirira. Geroztik, Mondragon Mexico unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatea zuzentzen du. Euskal Herriarekin konparatuz, bertan duten "hezkuntzaren kontzepzio soziala" oso bestelakoa dela azaldu du. "Hezkuntzarekiko duten harremana oso ezberdina da, produktu edo negozio bat bezala ulertzen dute", azaldu Gilek. Hori azaltzeko, adibide bat jarri du: bi milioi biztanle inguru dituen Queretaro bezalako hiri batean 76 unibertsitate daude.

Emakume izatea ere erronka bat izan dela aitortu du gasteiztarrak, AleaFM irratsaioan, batez ere, "unibertsitateko Ingeniaritza arloko buru den emakume gazte atzerritarra izatea". Baina "pazientzia askorekin" egoerari aurre egin diola esan du, eta "euren aurreiritziak apurtzen saiatu naiz".

Bizipoza nagusi

Bertan daraman bizimoduari dagokionez, Queretaroko bizi kalitatea "oso ona" dela azaldu du: "Azken urteetan hazkunde handia izan du hiriak, baina hiri txiki baten dinamika mantendu du. Gainera, Mexikoko hiririk seguruenetarikoa da".

Eskaintza kulturala zabala dela gaineratu du Gilek, "kalera irten eta edozein plazatan zerbait ari da gertatzen". Giro horretan klimak asko laguntzen duela aitortu du, baita jendearen gertutasunak ere, "bizipoza" ematen baitiote. "Hemen ikasi dut planak egunero egin behar ditugula, ez gara asteburuaren zain egon behar. Bizipoz hori mantentzeko ohitura hartu dut hemen".

Gasteiztarra agurtu aurretik, momentuz Mexikon geratuko dela esan du, "proiektu honekin jarraitzeko", baina Euskal Herrira "noizbait bueltatuko dela" gaineratu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide