2017an gora egin zuten Gasteizen LGTBI kolektiboaren pertsonen aurkako erasoek, Gasteizko Udalak egindako ikerketak adierazi bezala. Egoera horren aurrean, Lumagorri Heterosexismoaren aurkako taldeak orientazio sexual eta identitate generoarekiko gorroto delituen aurkako tokiko behatokia sortzea eskatu dio Udalari. Behatokiaren helburua eraso hauei erantzun juridiko eta soziala emateaz gain, biktimak laguntzea eta kolektiboa ikusaraztea izango litzateke.
Lumagorri elkarteko Amets Martinez de Hereditak AleaFM irratsaioan azaldu bezala, "aspaldi eskatu genuen horrelako behatoki bat, baina orain datuek agerian utzi dute beharrezkoa dela". Horrez gain, LGTBI diagnostiko horrek ere bestelako arazoak azaleratu ditu. "Gasteiz hiri binarista eta heterosexista dela aipatzen dute inkestatuek". Horrez gain, kolektibo honen %57 inguruk eraso gehienak eremu publikoan jaso dituela diote datuek, eta hortaz, kaleak "leku ez seguru" bihurtu direla gaineratu du Martinez de Hereditak.
Hala eta guztiz ere, homofobia kasu gehiago egotea LGTBI kolektiboaren ageritasuna handiagoa izatearekin lotu du Martinez de Hereditak: "Azken finean, hau ere bada mugimenduaren garaipena. Agerian gaude eta errazagoa da gure kontra aritzea".
Gasteizko Udalak tokiko behatokia sortzeko proposamena begi onez hartu duela dio, eta momentu honetan, proposamena aztertzen ari da. Hala ere, Lumagorri elkarteko kidea kritiko agertu da azken urteetan erakundeak kolektiboarekin izan duen jarrerarekin. "Azken hamar urteetan, Udalak ahaztuta izan du LGTBI kolektiboa".