Gasteizko Udalak Principal Antzokia berritzeko txosten teknikoa egiteko deialdia argitaratu du. Enpresek martxoaren 2ra bitartean izango dute epea proiektua garatzeko interesa agertzeko, eta enpresa esleipendunak hiru hilabete eta erdi izango ditu ikerketa garatzeko. Antzokia berritzeko obra 2019tik aurrera egingo litzateke, eta eraikin osoan garatuko litzateke: eszenatokia, makineria eta publikoaren eserlekuak.
Proposamen egokienak eta hauen kostuak ezagutu ostean, erabaki bat hartzeko eta finantzazioa bilatzeko garaia izango dela adierazi du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok. "Principal Antzokia herrialde mailako azpiegitura baldin bada, beste bi hiriburuen antzokiekin batera, herrialde mailako finantzazioa egon beharko litzateke", gaineratu du Cantok.