Ehun urte ikusleen ilusioa ehuntzen

Juanma Gallego 2018ko urt. 19a, 09:00

Principal antzokia ezagutzeko bisitaldiak antolatu dituzte. / Saioa Fernandez de Arangiz.

Ehun urte beteko ditu aurten Gasteizko Principal Antzokiak. Urteurrena ospatzeko, bisita gidatuak antolatu dituzte, banbalina artean egiten den lana gizarteratzeko.

Aulkia ikusten baduzu, aulkiak ere ikus zaitzake". Paulo Coelhoren burutazio "mamitsu" horietako bat ematen du, baina ez da halakorik. Antzerkigintzan ibiltzen direnek buruan izan ohi duten ideia da: uneoro, agertokiaren atzealdetik ibili behar dutenak ikusezin bilakatu behar dira, halabeharrez. Lan asko egin behar dute antzerkigintzaren magia ikuslearengana irits dadin, baina aulkian dagoenak ezin du lan hori ikusi. Bestela, akabo magia.

Alabaina, eta ahopeka bada ere, hainbat sekretu partekatzea erabaki dute Gasteizko Principal Antzokiko arduradunek. Erakundeak ehun urte beteko ditu aurten, eta antzerkiaren atzean daudenek euren lana zelakoa den zabaldu nahi izan dute. Horretarako, bisita gidatuak prestatu dituzte. Igandean parte hartu dute horietako bisita batean GEU elkarteko hamabost bat kidek. Neguko goizaren hotza kanpoan utzi eta antzerkiaren erraiak ezagutzera sartu dira, Pablo Sanz Lopez de Heredia teknikariak emandako azalpenei adi.

"Konpainiak dakarrena ate honetatik ez bada sartzen, ez dago ezer egiterik", ohartarazi du Sanzek, bisita hasi eta gutxira. Gorri koloreko ate handi bat seinalatu du. Berdin txotxongilo antzerki xume bat edo musikal handi bat, guztiek dute neurri hori mugatzat. Aditua ez denarentzat, ez dirudi ate txikia; handiegia ere ez. 

                 "Eraikin historiko batean egoteak arazoak dakartza;

                  tamaina da arazoen zerrendan aurrena"

 

"Tamaina". Hitz hori errepikatuko da behin baino gehiagotan, eta argi dago hori dela antzokiak duen mugarik nabarmenena. Eraikin historiko batean egoteak onurak eta arazoak dakartza, eta tamaina da arazoen zerrendan aurrenen agertzen den hitza.

Aldageletan nabaritzen da hori ere. "Orain dagoen espazioaren bikoitza beharko genuke, gutxienez", azaldu du Sanzek. Moldatzen direla gaineratu du, baina zaila da irudikatzea konpainia handi bat sei aldagela txiki horietan. Adibidez, 70 musikariz osatutako orkestra bat, publikoaren aurrean agertzeko erabiltzen dituzten jantzi dotore horiek gainean jartzen. "Olentzerori aldagela gehiago eskatu dizkiogu". Aitortu du, ordea, espazio gehiago lortzeko eskaerak aterabide zaila duela. "Tira, etxe zaharretan ezer ez da erraza. Aukera bakarra, seguruenera, eraikinean beste pisu bat gehiago eraikitzea litzateke".

Oroitarazlea

Egurrezko eskailerak jaitsi eta sotora heltzeko unea da. Fokuak, aulkiak, pianoak eta halako trasteak daude bertan. Baita jadanik erabiltzen ez diren estrukturak ere. Adibidez, atrezzoa edo aktoreak agertokian bat-batean agertzeko edo desagertzeko sarrerak. "Eta oroitarazlearen oskola, non da, bada?". Erantzun erraza duen galdera da. "Jada halakorik ez da erabiltzen", argitu du Sanzek. "Kontuan izan behar duzue antzerkia egiteko modua aldatu dela. Lehen konpainiek astebete batean bost lan desberdin taularatzen zituzten, eta, beraz, antzezleek aldi berean bost paper menderatu behar zituzten. Orain, konpainiek lan berdina antzezten dute luzaroan, eta, hortaz, ondo dakite zer antzeztu behar duten". Gainerako kontuak ere ondo lotuta datoz. Eszenografia, soinua eta iruditeria, hori guztia konpainiek prestatuta ekartzen dute, eta azken orduko moldaketa gutxi egin beharra dago.

Orkestrarako zuloa ikustean ere "tamaina" hitza agertu da berriro solasean. Zaila da bertan orkestra bat irudikatzea. Askoz jota, 20 musikari inguru sartzen dira bertan, eta musika tresna handiak egonez gero, kanpoan kokatu behar dituzte. Zuloak ere igogailu baten lana egiten du. Botoia sakatu eta agertokira igo da plataforma. Fisikaren magia: zuloa zena orain agertokiaren parte ere bada.

Hor mamitzen da aktoreen lana, aurrean publikoa dutelarik. Goiko aldean, berriz, isilpean aritzen dira teknikariak, antzezlanean erabiliko diren oihalak gora eta behera, eszena bakoitzak berezko paisaia izan dezan. Puntako teknologiaren parean, "duela 5.000 urteko teknologia erabiltzen da oraindik", Sanzen esanetan: sokak, lokarriak eta kontrapisuak. Oihal pisutsuenak mugitzeko garabiak ere badituzte, baina oraindik ere eskuz egiten da lan gehien. Beti ere, noski, tentu handiz. Aulkietatik ilusioa besterik atzeman ez dadin.

 

 

Mende oso bat antzerki lanetan

 

1914ko abuztua. Europa erdia sutan erretzeko zorian zegoen. Abuztu horretan bertan abiatu baitzen Lehen Munduko Gerra. Gasteizen, ordea, kontua lasaiago zegoen. Halere, berri txarrak edonon ezkutatzen dira, baita bake garaian ere. Abuztuaren 12ko ordu txikiak ziren tragedia Gasteizko antzokira hurbildu zenean. Ez tauletan antzezteko moduko tragedia, benetako zorigaitza baizik. Sute batek errotik kiskali zuen Gasteizko Antzokia. Zorionez, suhiltzaileek bertan bizi zen atezaina eta haren familia erreskatatzea lortu zuten. Baina eraikina betiko galduta zegoen. Sepia koloreko paperean idatzitako kronikek diote Imparcial kafetik atera berritan eta etxerako bidean zeuden zaldun batzuek sutearen berri eman zutela. Gaur esango genuke, ordea, gaupaseroei esker atezainaren familia salbatu zela.

Hortik abiatu zen Antzoki berri bat eraikitzeko beharra. Cesareo Iradier arkitektoak diseinatu zuen San Prudentzio kalean eratu beharreko eraikin berria, Madrilgo Zarzuela antzokia eredutzat hartuta.Finantziazioa 100 pezetako ekarpenei esker lortu zen. 1917an bukatu zuten eraikina, eta, handik urte batera, antzokia inauguratu zuten. La Corte de Napoleón izan zen taularatutako lehen antzezlana. Nuevo Teatro Vitoria izendatu zuten (1961ean hartu zuen gaur duen izena, Principal Antzokia, alegia).

Garai berriak eta gustu berriak zetozela eta, hainbat hamarkadatan zehar zinema areto gisa erabili zuten, baina egitasmoa martxan jarri zutenek zorte txarra izan zuten, Principal Antzokiko teknikari Pablo Saenzen arabera. 1953an ireki zuten zinema, baina, handik urtebetera zinemaskope sistema asmatu zuten. Tamalez, zinemaskopea emateko moduko pantaila ez zen sartzen antzokian eta, hortaz, filma zaharrak eman behar izaten zituzten.

1992an Jaurlaritzak, Diputazioak eta Gasteizko Udalak instalazioen zaharberritzea egin zuten, garai berriei egokitzeko. Ordudanik, Gasteizko ibilbide kulturalari guztiz lotuta jarraitu du antzokiak. Besteak beste, Nazioarteko Antzerki Jaialdia eta Magialdia bezalako ikuskizunek bertan izan dute aterpea. 100 urte bete dituen honetan, programazio indartsua dator datorren hilabeteotan. Kandelei putz egiteko garaian ere ilusioa pizten jarraitu behar da eta..

Erlazionatuak

Principal Antzokia, barrutik

Erredakzioa 2018 urt 22 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago