Manzanares Cortes familiaren kontrako "bullying soziala" gaitzetsi dute

Erredakzioa 2017ko abe. 15a, 12:29
Manzanares Cortes familiari babesa eskaini diote hainbat lagunek. /E. Anda

Alokabidek etxebizitza bat esleitu dio Manzanares Cortes familiari alokairuan, Aztegietan, eta hainbat lagunek euren kezka azaldu dute sortu den egoeragatik. Familia horri "bullying mediatiko eta soziala" egin diotela nabarmendu dute, "hiri honetan beste inori egin ez zaion bezala". 

Gasteizera heldu zirenetik, Abetxukura, erasotu dituztela salatu du herritar talde batek: "Kasik delituaren mugetan, ez bada haratago: eskratxe umiliagarriekin, mehatxuekin, intimitatearen albiste mediatiko gehiegizkoekin, informazio faltsuekin...". Orain, Aztegietan ezarriko direla jakin denean, jazarleen "jauzi kualitatibo guztiz onartezina" salatu dute, "jabego publiko baten kontra bortizki oldartuz, pisuan txikizio larriak eraginez".

Jarrera arrazistak 

Manzanares Cortes familiaren kontrako jarrera Europako leku askotan eskuin muturrak erakusten duenaren "oso antzekoa" dela salatu dute, "eta uste dugu ezin direla inolaz ere onartu gure hirian, bizikidetzan anitza izan nahi duena hain zuzen ere".

Horregatik guztiagatik, erakunde publikoei, komunikabideei eta Gasteizko gizarte zibilari eskatu diete bizikidetzak jasandako "erronka onartezin horri" aurre egiteko. Gizarte eragile desberdinetako lagunek bat egin dute eskaera honekin; besteak beste, auzo elkarteetako kide Manu Arakama, Arantza Basagoitia eta Antonio Escalante, Susana Egia sindikalista, Jose Angel Cuerda alkate ohia, Blanca Urgell eta Iban Zaldua EHUko irakasleak, Luis Karlos Garcia kazetaria eta giza eskubideen alorreko Andres Krankenberger eta Juan Ibarrondo batu dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide