"Izarran herri inauteri basatiak egiten ditugu"

I. Estarrona eta S. Fdz. de Aranguiz 2018ko ots. 8a, 08:00

Antzinako osagaiak hartuta, herri-inauteri "punki samarrak" sortu dituzte Urkabustaizko gazteek. 

Ez dute antzezpen ikusgarririk eskaitzen; ez dute erritu egituraturik prestatzen. Herri inauteri "basatiak" egiten dituzte Urkabustaizen: bat-batekoak, kaotiko samarrak, apurtzaileak. Antzinakoen osagai arau-hausleak hartuta, egungo gazteek egindakoak. 

Noiz sortu zenituzten Urkabustaizko herri inauteriak?  

Duela zortzi urte hasi ginen, Gazte Asanbladako kideok bultzatuta. Joaldun talde bat izan dugu betidanik, eta, horren bidez, ezagutzen genituen beste herri batzuetako inauteriak; Herriko dantza taldeak ere asko lagundu zuen, gu baino jantziago zegoelako historia kontuetan. 

Historiara jo al zenuten pertsonaiak sortzeko? 

Hasierako asmoa hori izan zen. Herriko Berbita aldizkariko lantaldearekin harremanetan jarri ginen, eta inguruko pertsona nagusiekin hitz egin genuen, oroimenen bat ba ote zuten galdetzeko. Zertzelada orokor batzuk jaso genituen, baina ez ohitura zahar indartsurik. Kuartangoko lagunengana ere jo genuen,  han inauteriek badutelako zentzu historiko bat; baina, egia esan, hemen beti izan gara apur bat punkiak! Zerbait antolatu nahi genuen, euskalduna, geurea, herrikoia... baina ez genion seriotasunik eman nahi. Modu nahiko basati batean egiten dugu dena.  

Hasieran antzezpen bat sortu zenuten, ezta? 

Roxalin eta Gizontso pertsonaiak sortu genituen eta antzerkitxo bat egin genuen, baina berehala konturatu ginen istorio hori tradizionalegia zela: batetik, gizon indartsua, eta bestetik, neska gizaja, sutara botatzen genuena.Muga horiek gainditu behar genituen. Gainera, jendeak ondo pasa nahi zuen, betebehar gehiagorik gabe. 

Zer mozorro daramazue? 

Zakuak, animalia-hezurrak, larruak, trapu zaharrak... Garrantzitsua da aurpegia estaltzea, ezagutu ez gaitzaten. Gau magiko bat dira inauteriak; gau basati eta beldurgarri bat.  Umeak beldurtzera jolasten gara, eta barra libre moduko bat dugu nahi duguna egiteko, antzinean egiten zituzten astakeriak egin gabe –askori ez diet nik zentzurik ikusten gaur egun–. 

Zer ekarpen egin nahi izan duzue inauterien bidez?

Azken urteetako inauteriak amerikanada bat iruditzen zitzaizkigun, eta bertakoak egiten saiatu nahi genuen, Euskal Herriko kulturarekin lotuak.  

Aurten, zer plan duzue?

Ostiralean, zazpietan, herri zaharreko elizatik jaisten hasiko gara, musika, sua, dantzari eta joaldunekin. Buruhandiak agertu eta desagertuko dira bidean zehar. Ondoren, txokolatada egingo du GaztaEtxean (kendu nahi diguten horretan, baina lortuko ez dutena), eta gero, zerbait erre edo ez... auskalo! Guk geuk ere ez dakigu. Askatasunez, barre egingo dugu, beldurtuko gara, negar egingo dugu... eta bakoitzak nahi duena. Une batzuetan, antzinean bageunde bezala sentituko gara. Besterik ez.

Erlazionatuak

Badatoz Arabako herri inauteriak

Erredakzioa 2018 urt 30 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago