Gasteiztarrek ezer gutxi dakite beren hiriko erdialdearen etorkizun hurbilaz: Juan Mari Uriarte enpresari gasteiztarrak merkataritza-plan bat du San Prudentzio, Dato, Alaba Jenerala eta Foru kaleek osatzen duten etxadirako; proiektu horren xehetasunak, baina, sekretupean ditu laurogeitaka urteko negozio-gizonak. Zalantza ugariren artean,
gauza bakarra da ziurra oraingoz: hogeita hamar jabetza baino gehiago pilatu ditu 'urrezko milia' bezala ezaguna den eremuan.
San Prudentzio kalean, Gretel, Natura, Dakar, Taberna eta Molly Malone zeuden lokalak erosi ditu Uriartek, Urteim enpresaren bidez. Horrez gain, Zaldibartxo elkarte gastronomikoaren jabe egin da, eta, trukean, beste egoitza bat eman die bazkideei, altzari eta guzti.
Daton, oraingoz, Adolfo Dominguez eta Lefties saltokiak eskuratu ditu, eta, Alaba Jeneralean, Uterque denda ohia (aurretik Inside izandakoa). Bertan, halaber, kalearen izen bereko garajearen jabea da. Aparkaleku hori da, hain zuzen, egitasmoaren kosketako bat: saltoki-gunearen parkinga izateaz gain, solairuetako bat merkataritza-jarduerarako erabili nahi du. Joan den astean bertan, urtarrilaren 24an, barruko zati bat botatzeko baimena eskatu zuen Udalaren Hirigintza Sailean.
Badirudi, beraz, obrak hasteko prest dagoela Uriarte. Alabaina, inork ez ditu haren asmoak zehatz-mehatz ezagutzen; ezta Udalak ere. Halaxe aitortu zuen astelehenean Itziar Gonzalo Hirigintza zinegotziak (EAJ) bere sailaren batzordean, enpresariarekin izandako azken bilerari buruz galdetu ziotenean: "Oraingoz ez dugu dokumentu teknikorik ikusi", adierazi zuen. "Espero dugu proiektua lehenbailehen zehaztu dadin, lehentasunezkoa den etxadi horren etorkizuna argitzeko".
Saltoki handiek, "amu-lana"
Zertzelada batzuk eskaini zituen zinegotziak, edonola ere. Batetik, galeria itxiak egitea baztertu omen du enpresariak; horien ordez, kalera irekitako saltokiak egin nahi ditu. Elikadura-dendak ere alboratu ditu, inguruan nahikoa eskaintza dagoela arrazoituta. Moda- frankizia eta multinazional handiek egingo lukete "amu-lana". Inditex eta H&M aipatu dituzte hainbat komunikabidek, baina informazio hori baieztatzeko dago. Udalaren esanetan, "merkataritza txikiarentzat ere tokia" aurreikusi du Urteim enpresaren jabeak.
Oposizioan, kezka
Kritiko agertu dira EH Bildu eta Ahal Dugu; baita Irabazi taldeko Oscar Fernandez ere: "Kezkagarria da inbertsore bakar batek pilatzea lokalak; multinazionalei egiten die mesede", nabarmendu du. Alderdi moreak ere kezka adierazi du: "Bertako merkataritza bultzatu behar dugu; erdialdeko lonjekin Monopolyan jolastu eta Boulevard txiki bat egitea kontrako norabidean joatea da". Beste ildo batean, PPk Dendaraba sustatzeko plan bat eskatu du.
Hirigintza-operazioa argitzeko zain daude alderdi guztiak, baita merkataritza-eragileak ere.