Gasteizko bizitza publikoan nabarmendu ez den enpresaria da Juan Maria Uriarte, erdialdean merkataritza-gune berri bat ireki nahi duen negozio-gizona. Laurogei urtetik gora bizkarrean, anbizio handiko hirigintza-operazioan sartuta dago buru-belarri. Ez da, alabaina, halakoetan berria.
Berrogei ardura inguru izan ditu hamarretik gora konpainietan, eta, ibilbide luze horretan, itzalak antzeman ditu Ahoztar Zelaieta ikerketa-kazetariak, Hala Bedirekin egindako lanean. Honako orban hauek nabarmendu dituzte haren jardueran: epaiketak, administrazioarekin auziak, lan-gatazkak, lizentziarik gabeko obrak, zorrak, enbargu-aginduak eta jakinarazpenak hari helarazteko ezintasuna, "leku ezezagunean" egon baita denbora luzean. Atzerrian hainbat enpresaren jabe izan da; besteak beste, Panama eta Zelanda Berria paradisu fiskaletan.
Dirutu, eta langileak kalera
Azken pasarte gatazkatsuetako bat Bilbon izan du duela bi urte, Hala Bedik argitaratutako ikerketaren arabera. Bertan, Calzados La Palma zapata-dendaren lokala erosi zuen Urteim enpresaren bidez, eta, jarraian, dendariei izugarri igo zien alokairuaren prezioa: urtean 60.000 eurotik 240.000ra. Dendak pertsiana itxi behar izan zuen, eta 13 langile utzi zituen kalean.
Beste enpresa batzuekin ere pasarte ilunak izan ditu. Nueva Terrain izenekoak, esaterako, zenbait salaketa jaso zituen; horietako batzuk, lan-istripuengatik eta kaleratze-desegokiak leporatuta.
Ongintza helburu, badu, bestalde, fundazio bat, Juan Maria Uriarte y Odriozola izenekoa. Eliza katolikoari eta medikuntza-ikerketei dirua ematen die horren bidez.