Gasteizko Udalak Mariturri ikastetxeko sarbidean hobekuntzak egingo ditu, ikasleen segurtasuna bermatzeko. Hala, iragan abenduan eskolako gurasoek eta umeek egindako aldarrikapenari erantzungo dio. Iñaki Prusilla zinegotziak iragarri duenez, hainbat dira aurrera eramango diren ekintzak. Batetik, Leza kaleko trafikoa lasaituko dute. Bestetik, zebrabide berria jarriko dute, eta kaleko erdigunean oinezkoentzako espazio bat, bizikletak aparkatzeko lekuekin eta bankuekin. Gainera, ikastetxeko autobusek aparkatzeko leku berria izango dute.
Aldi berean, bi norabideko bidegorria jarri nahi du Udalak aipatutako kaleko ekialdean, hau da, ikastetxe ondoko espaloi alboan. Bizikletentzako bide hau Sofia Erregina eta Mariturriko Bulevar kaleekin lotuta egongo da.