Legealdi honetan ez da zezenketarik egongo

Erredakzioa 2018ko urt. 9a, 09:56

Bigantxak egiteko aukera zabalik utzi du udal gobernuak; baldintza agiria egingo duela iragarri du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Legealdi honetan, Udal gobernuak ez du Gasteizko jaietan zezenketak egiteko lehiaketarik abian jarriko. Hala iragarri du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok. Hortaz, Gorka Urtaran alkatearen agintaldia amaitu arte gutxienez, ez da zezenketarik egongo Gasteizen. Azken bi urteetan, lehiaketak hutsik geratu izanak adierazten du enpresarientzat ez dela errentagarria "finantzazio publikorik" gabeko zezenketak antolatzea, Gasteizen "ez dagoelako afiziorik".

Hala ere, Udalak ez du baztertu bigantxak egiteko aukera, eta Gasteizko jaietarako lehiaketa martxan jarriko duela konfirmatu du Cantok.

2018an, eskaririk ez

Gasteizko Udalak ez du batere eskaririk jaso 2018ko jaietan zezenketak egiteko. Aurreko asteartean amaitu zen erregistroan eskariak egiteko epea, eta atzo baieztatu zuen Udalak postaz ere ez dutela eskaririk jaso. Hala, 2018an ez da zezenketarik izango Gasteizen. Asteon, bigantxak baimendu ala ez aztertuko dute.

Iaz ere ez zuten zezenketarik egin, Udalak aldatu egin baititu baldintzak: Iradier Arenan zezenketak egiteko, 30.000 euro pagatu behar ditu enpresak —lehen, Udalak jartzen zuen dirua—.



 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago