alea.eus

Gasteizko jaietan zezenketarik ez dela egongo berretsi du Udalak

Erredakzioa 2016-12-21 10:00   Gizartea  Gasteiz

Bi enpresarik abuztuaren 4tik 6ra zezen plaza alokatzeko eskaera egin dute. Udalak, ordea, ez du onartu, "zehaztasun tekniko gutxi" dituelako.

 

Gasteizko Udalak 2017ko Andre Maria Zuriaren jaietan zezenketarik ez dela egongo gogorarazi du ohar baten bidez, horretarako deitu zuen lehiaketa "hutsik geratu delako". Era berean, Blusa eta Nesken Batzordearekin alternatiba bat bilatzeko konpromisoa hartu zuen, eta beraz, "ez dago bueltarik". Gasteizko Udala erakunde "serioa" dela esan du, eta lehiaketa bat hutsik geratu ostean, "atzeko atetik aurkeztutako eskaerarik" ez duela onartuko zehaztu du.

Izan ere, aste honetan Pablo Chopera eta Jose Cutiño enpresariek 2017ko Gasteizko jaietan zezenketak antolatzeko eskaera aurkeztu dute San Antonio kaleko udal bulegoetan. Zehazki, abuztuaren 4tik 6ra bitartean egiteko asmoa adierazi dute aurkeztutako txostenean. Eskabide honen aurrean "harrituta" agertu da Udala, eta hori ukatzeko argudioak azaldu ditu. Batetik, egun horietan espazioa hartuta dagoela azaldu du, "Blusa eta Nesken Batzordearekin jarduera ezberdinak egitea adostu genuelako". Bestetik, eskaera egiteko modua ez dela zuzena izan azaldu du udalak, eta “zehaztasun tekniko gutxirekin" aurkeztu dela gaineratu du. Besteak beste, Zeledonen jaitsieraren ordu berean zezenketa egitea aurreikusten zutela zehaztu dute udaletik. "Gainera, enpresari hauek badakite ezinezkoa dela horrelako jarduera bat antolatzea hiru eguneko erreserbarekin, izan ere, araudiak dionez, animaliak 48 ordu lehenago eraman behar dira plazara".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa